Alpinismoaren eta mendizaletasunaren historian badira arrastoa utzi duten gertaerak. Urteen joan-etorriarekin itzali ez diren eztabaidak. K2ko lehenengo igoeraren harira Walter Bonattirekin izandako afera, Nanga Parbaten Reinhold eta Gunther Messner anaiekin gertatua... urteen joan-etorriarekin modu batera edo bestera itxitako zauriak izan dira. Patagoniako zalaparta sonatuenak Cerro Torre izan du ardatz; mendia bera bainoago, orratza eskalatzeko asmoan eskalatzaileek egin dituzten aldrebeskeriek eta esandako erdizkako egiek nahiz gezurrek piztu dute ika-mika.
Aurten ere polemikak hartu du Cerro Torre. Ez da kontu berria. Eskalatzaileen artean hura igotzeko saioak hasi zirenetik izan da eztabaiden mendia. Cerro Torreren dotoreziak inor gutxi uzten du epel. «Estetikoki ederra da, mundu osoan ez du parekorik; pintore onenaren koadro ederrenaren parekoa da», definitu zuen Ermanno Salvaterra eskalatzaileak orriotan, 2007an egindako elkarrizketa batean. Edertasunagatik ez ezik, horman gora gertatu direnengatik hartu du Cerro Torrek mendi polemikoaren izaera.
Cesare Maestrik eta Toni Eggerrek 1959an egin zuten eskalada saioa da zalaparta guztien abiapuntu. Maestrik tontorrera iritsi zirela aldarrikatu zuen, eta jaitsieran harri eta elur jausi batek Egger eraman egin zuela eta harekin galdu zirela argazki kamera eta igoeran hartu zituzten oharrak. Maestriren hitza sinetsi egin zuten batzuek; beste hainbatek zalantzan jarri zuten hark esandakoa. Abiatu zen ika-mika.
Orduko zalantzak uxatzera itzuli zen Maestri Cerro Torrera, 1970ean. Eskalatzeko gai zela erakutsi nahi zuen, neguan gainera. Baina eskalatzeko erabili zuen teknikak sortu zuen bigarren aldi hartan mendizale askoren arbuioa: hormaren azken zati tentea gainditu ahal izateko, harkaitzean iltze ilara luzea sartu zuten, eta horiek horman iltzatzeko 180 kiloko konpresore bat igo.
Gailurretik 60 metrora geratu zen taldea, eta punturik garaienera daraman izotz-onddoa ez zuten eskalatu. Garrantzia kendu nahi izan zion horri Maestrik: «Izotz puska soil bat da, ez da mendiaren zati, egun hauetako batean desagertuko da». Kontuak kontu ia 400 iltzeak mendian geratu ziren, eskailera moduko bat osatuz, eta konpresorearen bidea izena hartu zuen hego-mendebaldeko hormako bideak.
Maestri bidea desagertuta?
Maestrik erakutsitako mendiarekiko errespetu faltak aztoratu egin zituen eskalatzaile asko. «Mendia profanatzea» egotzi zion Maestriri, esaterako, Reinhold Messnerrek. Ertz horretatik Steve Brewer eta Jim Bridwell estatubatuarrak igo ziren tontorrera, 1979an; haiei aitortzen zaie hego-ekialdeko hormatik egindako lehenengo igoera.
Cesare Maestrik 1970ean utzi zuen arrastoa Torren, eta ordutik makina bat izan dira zati hori estilo librean eskalatzeko ahaleginak, iltzeak erabili gabe igotzeko saioak. Patagoniako erronka handienetakoa izan da Cerro Torreko hego-ekialdeko ertza edo Maestri bidea estilo garbian igotzea. Colin Haley, Rolando Garibotti, Zack Smith, Jason Kruk, Chris Geisler... eskarmentu handiko eskalatzaileak saiatu dira horretan.
Aurtengo udan ere mugimendu handia izan da bide horretan. Eta ohi bezala polemika ere bai. Urtarrilaren 17an Jason Kruk eta Hayden Kennedy iparramerikarrek Maestrik jarritako iltzeak baliatu gabe eskalatu zuten hego-ekialdeko horma. Estilo garbia deitu zioten askok eskalatzeko moduari, baina ez zuten osotasunean librean eskalatu —Salvaterrak 1999an jarri zituen bost seguru erabili zituzten, eta Chris Geislerrek eta Krukek berak iaz ireki zuten aldaerako bat ere bai—.Tontorrean zirela hartu zuten erabakia: jaitsieran horman jarrita zeuden 150 iltze kendu zituzten, konpresorearen bidea izenez ezagutzen zena bere horretan desagerraraziz.
Egindakoak ika-mika eta eztabaida handia sortu du, nola Chaltenen hala Interneteko eskalada eta mendi atarietan. Eskalatzaileek egindakoaren aurka agertu dira batzuk; Patagoniako historiaren eta ondare kulturalaren pasarte batekin hautsi eta epaile lana hartu izana leporatu diete. Beste batzuk aldeko dituzte, mendia, neurri batean, berezko egoerara itzularazi dutelako. Eztabaidaren lekuko, menditik jaitsitakoan Kruk eta Kennedy atxilotu egin zituen Poliziak. Suak pizturik dirau.
Mendia. Patagonia
Cerro Torre, eztabaiden mendia
Cesare Maestrik hego-mendebaldeko horman 1970ean jarri zituen iltzeetako batzuk kendu dituzte Jason Kruk eta Hayden Kennedy eskalatzaileek. Handik bi egunera librean eskalatu du bidea David Lamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu