Mendia

Citadelleseko traila irabazita hasi du denboraldia Karrerak

Leire Iruretagoiena bigarren sailkatu da, eta euskal lasterkarien lana borobildu; igandean, Berako proba jokatuko da

Iker Karrera, Citadelleseko helmugan. BERRIA.
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Udaberria hastearekin batera hasi dira loratzen iraupen luzeko trailak. Denboraldiko lehenengo lasterketetako bat jokatu zen asteburuan: Citadelleseko traila (Frantzia). Distantzian, 73 kilometroko ibilbidea izan zuten korrikalariek, eta 3.200 metroko goranzko metatua. Euskal Herritik joandako lasterkariek lan dotorea egin zuten: Iker Karrerak, iaz bezala, berriz ere irabazi zuen, eta Leire Iruretagoiena bigarren helmugaratu zen.

Lasterketaren berezko gogortasuna areagotu egin zuen eguraldiak: euria eta hotza izan zituzten bidelagun lasterkariek. Hasieratik, lehia estua izan zuten Karrerak eta Maxim Cazajousek, baina helmugan Julian Chorier sartu zen Cazajousen aurretik. Karrerak 6 ordu eta 55 minutuan osatu zuen ibilbidea: «Borroka handia egin dugu irabazteko. Euria etenik gabe egin du, eta lokatz asko pilatu da ibilbidean». Unai Bengoa 8. helmugaratu zen, Sergio Aramendiaren 16. eta Oskar Nieto 22. postuan.

Emakumeen artean, lehia estua izan zuten Leire Iruretagoienak eta Vero Chastelek, eta, 73 kilometroko lasterketa luzean, minutu eta 47 segundoren aldea egon zen, Chastelen mesedetan.

Berako lasterketa, igandean

Citadelleseko lasterketarekin zerikusi gutxi du igandean Beran (Nafarroa) jokatuko denak. Euskal Herrian antolatzen diren lasterketen artean, klasikoetako bat da Manttale eta Agerra elkarteen maratoi erdi hori. Horren adierazgarri da izen ematea ireki eta ordubetera 450 dortsalak bukatu izana. Beratik 09:30ean irtengo dira lasterkariak; ibilbidean, Manttale, Ibardingo gaina eta Larun igoko dituzte, eta Beran helmugaratu: 21 kilometro pasatxo eta 2.700 metroko desnibel metatua. Euskal Herriko espezialista onenetako askok baieztatu dute Beran izango direla, baina lanak izango dituzte Didier Zago frantziarra mendean hartzeko —azken ekitaldietan, nagusitasunez irabazi du Zagok—.

Nafarroako Mendi Federazioak prestatutako mendi lasterketen kopako lehenengo proba izango da igandekoa. Maiatzaren 27an jokatuko da egutegi horretako bigarrena: Ezkabako traila. Abuztuko etenaren aurretik, beste bi lasterketa ere jokatuko dira: Lakuntza-Aralar, ekainaren 16an; eta Camille-Extreme, Izaban, uztailaren 1ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.