Luklako aireportu txikia inguratzen duen hesiari so geratu natzaio, iaz bidelagun izan genituen Sonam xerpa eta rai etniako Ram gaztearen bila. Berehala elkar ikusi, eta besarkada estu batean bildu gara, xerpek ohikoa duten irribarre zabala beren aurpegian marrazten den bitartean. Ramek gure bagajea bizkarreratu, eta Paradise lodge-rantz abiatu gara, lehen tea dastatzen dugun bitartean azken urtean gertatutako guztiaz hitz egiteko. Iaz ezagutzeke utzi genituen xerpa gizartearen bizimoduan murgiltzeko asmoz itzuli garela adierazi diegu, xerpen ohitura eta tradizioak gertuagotik bizi nahiz.
Luklako azken etxea atzean utzi orduko, Chomolangma (Unibertsoaren Ama Jainkosa) haserretu dela dirudi, ekaitzak jo du, eta bideak erreka itxura hartu du. Trumoi eta tximisten artean Chheplung eta Gath herrixkak zeharkatu ditugu Packdin lodge-ra heldu aurretik. Gustura hartu dugu jangela erdian dagoen berogailuaren beroa. Egurrez eta, batez ere, eguzkitan lehortutako jak kakaz (chea) betetako galdara txiki horrek azkar epeldu ditu gure gorputzak. Ostatuko arduradunak gurera bildu dira, eta esku artean dugun te beroari zurrut txikiak eginez, gogora ekarri nahi izan dugu xerpen jatorria.
Xerpa hitzak tibeteraz ekialdeko herria edo ekialdeko jendea esan nahi du: shar, ekialde eta pa, herria edo jendea; eta Tibeteko ekialdean dagoen Kham eskualdean bilatu behar dugu horien jatorria. XV. mendearen erdialdera, xerpak, Tibeteko lurrak utzi, eta Himalaiako goi haranetan bizitzen hasi ziren, Nangpa La lepoa (5.900 m) gurutzatu, eta munduko mendi garaienaren (Everest, Sagarmatha eta Chomolangma) magalean hedatzen den Solo Khumbu haranean jarri ziren. Beraz, esan dezakegu Solo Khumbu dela xerpa herriaren etxea (khangpa). Azken hamarkadetan, Nepalgo beste zenbait lurraldetara emigratu dute, bai Indiako Sikkim, Assam eta Darjeeling-era, baita Europa eta Ameriketara ere. Sonami so natzaio, bere aurpegian irudikatzen diren hazpegi mongoliar nabarmenei begira, bere arbasoen ispilu. Afaldu ostean, Dudh Khosi ibaiaren murmurioak lagundu digu loak hartzen.
Turista, zamaketari eta mendizale artean murgildu gara Namche Bazar-erako bidean eta konturatu orduko, Monju igaro eta Sagarmathako Parke Nazionalaren sarrerara heldu gara. Zubi eseki luze batek ibaia gainditzen lagundu, eta Jorsaleko lodge baten kanpoaldean eseri gara. Bospasei ume jolasti ditugu inguruan, eta, haien algaren artean, inguruaz gozatu dugu eskutan garagar, arto, zekale eta artatxikiz egindako bertako garagardoari (chang) zurrut eginez. Etengabea da zamaketarien joan-etorria, adin eta etnia askotako gazte eta ez hain gazteak ilaran. Turismoa lur hauetara heldu aurretik, xerpak nekazariak, abeltzainak eta merkatariak ziren, baina, atzerritarren etorrerarekin, zamaketari lanetan hasi ziren, garaiera handietan lan egiteko zuten egokiera, trebetasuna eta gaitasuna erakutsiz. Mendebaldeko zibilizazioarekin kontaktuak xerpen bizimodua aldatu egin zuen (hondatu?) betiko, ordura arteko jarduerak turismoaren industriagatik aldatuz. Diruak eta ospeak liluraturik, gidari eta zamaketari lanak beren kulturaren parte bihurtu zituzten, ohiko eginkizunetan aldaketak eraginez. Jakina da alturako zamaketari xerpak ezinbestekoak bihurtu direla munduko mendi garaienen gailurretara igotzeko orduan —zama garraiatu, sokak jarri, bideak ireki, erreskatetan parte hartu…—, baina, egun, langile kualifikatu gisa hartzen badira ere, mendebaldeko askok «mendiko morroi» gisa tratatzen ditugu. Rami so natzaio. Azken zazpi urteetan, 21 urteko rai etniako gazte hau udaberri eta udazkenetan zamaketari lanetan aritzen da, horretan irabazitako diru apurrekin bere herrira oinez itzultzeko —hiru egun behar ditu—. Lotsatia da, eta birritan eskatu arren, ez digu gure izenez deitzen, «sir» baizik. Adierazgarria oso.
Xerpen hiribururantz abian jarri gara segidan. Aldapa pikoa emeki-emeki igo dugu. Eguraldia lagun, mendizale eta turistentzako lodge-z eta dendaz betetako herri bizi eta koloretsura iritsi gara. Igitai itxura duen malkarrean eraikitako anfiteatroa dirudi, asmo eta ametsen antzezleku paregabea. 3.700 metrora dagoen herri honetan ohikoa da igandeetako merkatua. Mendeetan, bide hori erabili izan dute tibetar merkatariek, jaken bizkar gainean gatza eta ardi haragi sikua ekarri, eta arroza, artoa eta artatxikiz zamatuta itzuliz. Xerpek zama garraiatzeko eta esnetarako jak eta zopkio —jak eta behi arteko hibridoa— ugari dituzte.
Patata garagarrarekin
Herriaren goi aldean dagoen monasterioa (gonpa) bisitatu ondoren, xerpen museo xumea ezagutzera joan gara. Sonamen azalpenak erne entzun ditugu, xerpen bizimoduaz hamaika datu, xerpen iraganaz hamaika xehetasun, xerpen etorkizunaz hamaika zalantza irudikatuz. Lainoa sartu eta hoztu egin du, berandu baino lehen jendez gainezka dagoen ostatuaren jangelan sartu gara afaltzeko asmoz. Patatak dira, garagarrarekin batera, xerpen oinarrizko elikagaiak eta harresi txikiz inguratutako lursail txikietan ereiten dituzte magaletan antolatutako terrazetan. Lotarako ordua da. Gaueko zeru oskarbian marrazten den Thamserku mendiaren siluetari begira egin dugu amets.
Biharamunean Sonamek goiz iratzarri gaitu, gaur bere herrira baikoaz. Aldapa pikoak xerpen mendi sakratua den Khumbilaren magalean hedatzen den Haran Berdera eraman gaitu, Sonamen bizitzaren lekuko diren paraje eder eta erakargarrietara. Kundeko ospitaleari bisita egin, eta Khumjungnera joan gara. Bertako monasterioan yetiaren izan daitekeen buru-larruazala ikusi dugu. Sonamek txikitandik entzundako istorio luzea kontatu digu, eta bertakoek gurtu egiten dutela esan digu, monasterioetako monjeek benetako erlikia gisa baitute.
Gure lagunaren etxean (khangpa) sartu eta Sonamen ama eta emaztea zain ditugula ikusi dugu. Elkar agurtu, eta beraiek egindako chang-a eskaini digute. Xerpa gizartean klanen sistema erabiltzen da ezkontza kontuak erabakitzeko. Egun 18 klan daude, eta identitatea aitaren bidez hartzen da oinordetzan, eta ohikoa da xerpa batek bere klanekoa ez den emaztea aukeratzea. Xerpani-a (emakume xerpa) da etxeko lanak egin eta seme-alabak hazteaz arduratzen dena, eta ohikoa da laborantzan ere ikustea, senarrak gidari edota zamaketari lanetan dabiltzan bitartean. Familien artean ere ez dago berdintasunik, lehen jak talde handienak zituzten familiak ziren aberatsenak, baina gaur egun aberats berriak daude. Xerpa askok turismoaren goren aldia baliatu dute negozio berria jarri eta arrakasta edukitzeko: ostatuak, jatetxeak, trekking agentziak... Aberats eta txiroen artean zegoen aldea areagotu egin dela esan daiteke.
Familia agurtu eta biharamunean Tengbocherantz abiatu gara. Eguzkiaren beroak gauez botatako elurra urtzen hasi du, eta bidean ugari diren errododendroen distirak edertu egiten du ingurua. Monasteriora iritsi orduko, postaletan ikusi ohi dugun paisaia paregabea paratu zaigu aurrez aurre, Nuptse eta Lhotse menditzarrek osatzen duten harresi zuri bikaina eta haien gainetik Chomolangmaren buru ilun lurruntsua. Zirraragarria! Ikuspegiaz gozatu eta gero, monasterioan sartu gara. Monjeak otoitzean ari diren bitartean, ifrentzu usai artean sabai eta paretetako irudi eta marrazki koloretsuetan jarri dugu arreta. Xerpa kulturak erlijio budistaren (budismo lamaista) eraginpeko mito eta elezaharren artean eboluzionatu du mendeetan. Solo Khumbuko bide eta inguruetan murgildu garenetik, herrietan aurkitu ditugun monasterioez (gonpa) gain, budismoarekin zerikusi zuzena duten hamaika erakin edota tresna ikusi ditugu. Dotrina budistaren ikur diren estupak (chorten) leku askotan daude, erlikiak gordetzeko erabili ohi dira, baita erromes bideak seinalatzeko ere. Kanpoaldean, sanskritoz idatzitako om mani padme hum mantra ezaguna edota budisten zortzi zeinu iragarleen marrazkiz osatuta dauden kolore anitzeko otoitz gurpilak ugari dira paraje hauetan. Eta haien ondoan ohikoa da otoitz banderatxo koloretsuak ere ikustea, bidean ez ezik, mendien gailur eta igarobideetan ere jarri ohi direnak. Lurrean ilaran jarrita edo metatuta, mantrez zizelkatutako harri eta harlauz multzoak (mani) nonahi daude, eta beti ezker aldetik inguratu behar dira gure desioak betetzea nahi badugu.
Herri honen sinesmenen paisaiaren puzzlea osatzen duten elementu koloretsu horien artean bete dugu xerpen herri zaharrena den Pangbocherainoko bidea. Sonam arrosario budista (mala) esku artean duen agure batekin gelditu da hizketan. Xerpen hizkeran ari dira. Ez da tibetar dialekto bat, hizkuntza desberdin bat da, eta denbora luzean ez zuen aldaketarik izan, harik eta mendebaleko jendearekin kontaktua egin arte; hala, egungo xerpen hizkeran ingelesezko hitz asko aurki daitezke. Masailak eguzkiaren indarrez belztuta dituen agureak kasik ehun urte dituela esan digu; beraz, haranean izan diren aldaketa guztien lekuko zuzena izan da zalantzarik gabe.
Gauean elurra bota du, baina goizeko eguzkiak azkar urtu ditu bazterrak. Ama Dablam mendi dotorea agurtu eta Tawoche, Cholatse eta Arakam Tse mendien magala zeharkatzen duen bideak paraje berrietara gerturatu gaitu, Phortsera hain zuzen ere. Xenda eroso hori talaia bikaina da, mendi garaiak ez ezik (Nuptse, Everest, Lhotse, Ama Dablam, Kang Tega, Thamserku...), Solo Khumbu haranaren perspektiba bikaina eskaini digu, gorako bidean igaro ditugun bide, lepo eta herriak gure mende ikusiz eta gozatuz.
Abiapuntura itzultzeko tenorean ezin ahaztu zortzi egunez Sonam eta Ram lagunekin bizitakoak, haiengandik ikasitakoak. Luklako aireportu txikian iazko eszena bera errepikatu dugu, khata bana jarri, lagun maitagarriak besarkatu, hegazkin txikian sartu eta xerpen khangpatik urrutiratu gara berriro ere, tristuraz. Thasi Delek, Sonam! Tashi Delek, Ram!
Mendia. Xerpa herria
Ekialdeko jendea
Xerpa herria mendi garaienei lotuta bizi da aspaldidanik. Azken hamarkadetan ugaritu diren trekking eta alpinismo joerek ekonomia aukera berriak jarri dizkiote eskura, baina urte luzeko historia duen herri kultura galtzeko bidean ere jarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu