Mendia. Horma handiak

Eskalaezinak eskalatzeko laguntza

Kanadako Yukon eskualdeko horma handietan eskalatzeko proiektua lagunduko du 2012ko Joxe Takolo bekakIgor Mendizabalek, Jokin Larrañagak, Javier Garziandiak eta Alvaro Ortizek jaso dute

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Izena eta izana ez datoz beti bat. Arnold Wexler mendizalea 1955ean iritsi zen Kanadako Yukonen dauden horma erraldoi eta tenteen magalera. Mila metroko paretak zituen parez pare. Zirrikiturik apenas horiek gainditzeko. Wexlerrek jarri zion inguruari izena: The Cirque of the Unclimbables (Eskalaezinen Zirkua). Denboraren joan-etorriarekin eta AEBetako Yosemiten bizitako horma handietako eskaladaren sukarrarekin, Ipar Amerikako eskalatzaileen artean sona hartzen joan ziren mendiok, eta eskalaezina eskalatu zitekeela erakutsi zuten.

Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen duten Joxe Urbieta Takolo bekak horma urrun eta bakarti haietara joateko proiektua lagunduko du aurten. Igor Mendizabal Goxerri, Jokin Larrañaga, Javier Garziandia eta Alvaro Ortiz Tasio eskalatzaileek jaso dute 4.200 euroko diru laguntza. Eskalaezinen Zirkura uztailean eta abuztuan joateko asmoa dute.

Egitasmo interesgarria da saritua. Urruntasunagatik eta hara iristeko azpiegituraren kostuagatik, ez da eskalatzaileen ohiko eremua izaten. Hilabete pasatxorako joango dira Kanadara Goxerri, Larrañaga, Garziandia eta Tasio. Vancouverrera aurrena, eta han egingo dituzte Eskalaezinetara joan aurreko prestaketak. Mendikateko horma ezagunenetako hiru dituzte begiz joak: Lotus Flower Tower (2.570), Bustle Tower eta Proboscis. Eguraldi baldintzen arabera egingo dute aukeraketa: «Euri asko egiten du, eta agian ez dugu nahi duguna egiterik izango».

Aurrekari gutxi

Gutxi dira Euskal Herritik Eskalaezinen Zirkura eskalatzera joandakoak. Juan Vallejok 1998an egin zuen sartu-irtena, Proboscis mendian; Iker eta Eneko Pou anaiak aizto zorrotz baten traza duen The Great Canadian Knife eskalatzen izan ziren, Proboscis mendian, 2000. urteko abuztuan eta irailean; eta Juanjo San Sebastianek Lotus Flower hormako eskalada eta Nahanni ibaiaren jaitsiera uztartu zituen paraje haietara egindako bidaian.

Joxe Urbieta Takolo mendizale amorratua zen, eta pertsona maitatua Azpeitian. 2000. urteko abuztuan hil zen, eta, ordutik, urtero antolatzen dute haren omenezko beka. Goi mendiari lotutako proiektuen originaltasuna hartu izan dute aintzat saria emateko orduan, eta aurtengoak bete-betean bat egiten du ezaugarri eta irizpide horrekin. Hiru proiekturen artean aukeratu behar izan du epaimahaiak, eta Eskalaezinen Zirkura joango da 2012ko Takolo beka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.