Mendia. Horma handiak

Eskalatzailea bere bakardadean

Silvia Vidalek 'Espiadimonis' bidea ireki du Txileko Patagoniako Serrania Avalanchas mendian. 32 egun egin ditu hormatik jaitsi gabe, eta, ohikoa duenez, bakarrik eskalatu du.

2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Abentura hitzak zentzua hartzen du Silvia Vidalen (Bartzelona, 1970) jardunari erreparatuta. XXI. mendean gutxi dira haren gisako eskaladak egiten dituztenak. Horma handietan eskalatu zalea da, eta, askotan, bakarrik eskalatzen du. Bakardadea izaten du sokalagun. Bakardade erabatekoa. Ez telefonorik, ez irratirik, ez eguraldi iragarpenik, ez eskaladarako lagunik. Ezohiko eskalatzailea da Vidal.

Berriki itzuli da azken abenturatik, Txileko Patagoniatik. Serrania Avalanchas mendian ireki du bidea: Espiadimonis (sorgin orratza, katalanez). 1.300 metroko bidea da, eta eskalatzaileak A4/6b zailtasuna iradoki du. Altuera horretara iritsitakoan bertikaltasuna galtzen du hormak, eta gailurrerako azken 200 metroak errazagoak dira. Aurrez bazen horma horretan beste bide bat: Araucania. Bide hura ez zen tontorrera iristen. Hortaz, Vidalek igo artean, Serrania Avalanchasera igotako mendizaleen erreferentziarik ez dago.

Apenas baitoan inor Patagoniako eremu hartara. Hori dute ere Silvia Vidalen eskaladek bereizgarri. Bakarrik eskalatu ez ezik, mendi eta bazter ezezagunak aukeratu eta bisitatu zalea da. «Serrania Avalanchas inguru heze eta euritsua delako izango da bakartia», iritzi dio Vidalek. Eguraldi busti hori bertatik bertara ezagutu du. Horman zintzilik 32 egun egin ditu, eta haietako erdietan ez da hamakatik irten. Euriak ur-jauzi bihurtzen zuen horma, eta ur erauntsietatik babesten nahiko lan izan du.

Eskalada baino gehiago

Laku batetik hasten da Espiadimonis. Hara iristeko ezinbestean hartu behar izan zuen ontzi puzgarri bat. Lakura iritsi aurretik oihan itxian aiztoa baliatuta ireki zuen bidea. Lehenengo abentura, beraz, abiapuntura iristea izan zuen Vidalek. Eskalatzen hasita, bidearen lehenengo 350 metroak ekipatu eta finkatu zituen sokarekin. Altuera hartan jarri zuen lehenengo kanpalekua.

Otsailaren 8tik martxoaren 10era bitartean bizitza bertikala egin zuen. Hormatik jaitsi gabe, eta bakardade erabatekoan. Baina zenbakien eta eskaladaren gainetik, bi hilabeteko bidaian bizitakoek gogobete dute Vidal. «Euri asko egin zuen, inguru hartan ohikoa denez. Euriteek egunak iraun ditzakete, eta horma ur-jauzi bihurtzen dute. Eskalatzea eta edozer maniobra egitea ezinezko egiten du horrek, eta horregatik pasatu nituen 16 egun hamakatik irten ezinda». Euri jasa handiak tarteko, ezinezkoa izaten zuen askotan rapelatzea. «Zalantzak izaten nituen gailurrera iristerik izango ote nuen edo behera jaisteko rapela prestatzerik izango ote nuen». Patagonian loteria izaten da eguraldia, eta Vidali ez zitzaion eskaladarako aproposa egokitu.

Hormatik behera jaisteko hiru egun behar izan zituen. Rapelak bata bestearen atzetik. Sokak harkaitz eta harri artean katigatzen zitzaizkion. «Bi aldiz moztu behar izan nuen, eta soka han geratu zen. Saiatu nintzen errekuperatzen, baina alferrik. Penatuta diot, han geratu den zaborra delako hori». Zabor pilaketak harritu du: «Lakuaren aldamenean etxola zahar bat dago, eta zabor piloa zegoen han. Inguru hartara oso jende gutxi joaten dela aintzat hartuta, gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Halako kontuei eman beharko genieke benetako garrantzia».

Azkenerako, gailurrera iritsi eta beherako bidea hasi zuen. Aste oso bat behar izan zuen hormatik materiala kendu eta beheraino jaisteko. «Beldurrik handiena orduan pasatu nuen, hilabete lehenago gorantz nindoala hanka erdiraino iristen zitzaidan errekak batek gaindiezina zirudielako». Lau egunez egon zen ur emariak behera egin zain. «Zorte handia izan nuen. Hiru egunez ateri egon zelako, eta nabarmen jaitsi zelako ur kopurua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.