Mendia. Next Stop Greenland. Alex Txikon. Eskalatzaile eta alpinista

«Espedizio osoa hartuta, balio handiko ekintza izan da»

Next Stop Greenland izan da Alex Txikonek gainerako espedizio kideekin egindako azken espedizioa. 'Aupa Txabaleria' izeneko bide bat zabaldu, eta gailurretik BASE jauzia egin dute, Ulamertosuaqen.

Groenlandiara joandako lagun taldea. Ezkerretik hirugarrena, Alex Txikon. JON GOITIA.
Lemoa
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Eskalada eta BASE jauzia uztartzen duen espedizio bat egin dute Alex Txikonek eta gainontzeko espedizio kideek. Abuztuaren 17an irten ziren Groenlandiara bidean, Ulamertosuaq pareta igo eta bertatik BASE jauzia egiteko intentzioarekin.

Espedizioak bete zuen bere helburua, Aupa Txabaleria bide berria ireki eta gailurretik jauzi egin baitzuten.

Nola sortu zen espedizioaren ideia: eskalada eta BASE jauzia uztartzea?

Neguko espedizioan geundela, Carlos Suarez eta gainontzekoekin, beste espedizio bat egin behar zela pentsatu genuen. Nik konbentzitu nuen Carlos neguko espediziorako, eta horren ordainetan BASE jauziarekin uztartutako zerbait egitera animatu ninduen. Hasieran ez genekien ziur nora joango ginen. Nik Pakistanera joateko aukera proposatu nuen, baina, nire oinak ondo ez zeudela ikusita eta Pakistango espedizioen gogortasunaz jabeturik, Carlosek Groenlandiara joatea proposatu zuen. Informazio apur bat bildutakoan, Ulamertosuaqera joatea erabaki genuen.

Hamar lagun elkartu ginen taldea osatzeko: Jon Goitia eta Lara Izagirre (Gariza Produkzioak), Iñaki Ituarte, Dario Barrio, Armando del Rey, Alvaro Bulto, Santi Corella, Tony Lopez, Carlos Suarez eta ni. Azken uneko istripu batek Carlos Suarez taldetik kanpo utzi zuen. Galayotan BASE jauzi bat egiten ari zela izan zuen istripua.

Nola iritsi zineten Ulamertosuaqera?

Abuztuaren 17an irten ginen, eta Islandiara joan ginen hegazkinez. Han, beste hegazkin bat hartu genuen Groenlandiako Narsasuaq irlara. Handik aurrera, fiordoetatik abiatu ginen itsasontzi neumatiko batean, Tasiusaq fiordora iritsi arte. Fiordo horrek iparra eta hegoa norabide zuzena du, eta mendebaldera begiratuz gero Katedrala izenez ezagutzen den pareta ikus daiteke, eta ekialdean, Ulamertosuaq eta Ketil. Hiruretatik Ulamertosuaq da, agian, zirraragarriena, duen zilindro itxuragatik.

Hasiera batean, ez zenuten beste bide bat zabaltzeko asmorik, baina, Suarez falta zenez, planak aldatu ziren.

Hasierako helburua Ulamertosuaqeko Moby dick bidea egitea zen, baina, Carlos falta zenez, ezinezko bihurtu zen. Saltatzaileak igotzeko Moby dick bidea ekipatzea lan handia izango zen Iñigo, Dario eta niretzat; orduan, eskalada aldetik askoz ere leunagoa izango zen bide bat zabaltzea erabaki genuen, saltatzaileak gora igotzeko.

Nolakoa da ireki duzuen Aupa Txabaleria bidea?

Ulamertosuaqeko pareta ikusgarria ikusita, egin dugun eskaladak, bere horretan, ez du beste munduko gauzarik, baina, espedizio osoa hartuta, izan da balio handiko kontua. Aupa Txabaleria bidea kanal batetik doa, teknikoki asko eskatzen ez duena, baina eskalatzen asko ez dabiltzan lagunekin gindoazela kontutan hartuta, eta 10-12 orduko jarduera izan zela kontuan hartuta, azpimarratzeko gauza dela iruditzen zait.

Nolakoa izan zen talde guztia gorantz igo zineten eguna?

Goizeko hiruetan irten ginen kanpalekutik eta arratsaldeko hiruretan iritsi ginen gora taldea oso osorik. Material kantitate handia igo behar izan genuen, bakoitzak 20 kilo inguru eramango zituen gainean. Gainera, kontuan eduki behar da goruntza gindoazenetatik soilik Ituarte eta ni bueltatu ginela beherantz, eta material guztia jaisteko arazoak izan genituen.

Nola moldatu ziren saltatzaileak bidean gora eskalatzen?

Oso kementsu, hortzak estutuz denbora guztian. Gogortasun horretan murgilduta eta hala ere oso alaitsu aritu ziren. Agian niri tokatu zitzaidan txarraren papera betetzea; momentu oro presioa sartuz ibili nintzen, denbora aurrera zihoala ikusita. Hiru ordu eta erdian iritsi ginen pareta azpira. Lehen soka finkoetatik igotzen hasi zirenean, denbora emango ez zigulakoan larritzen eta urduritzen hasi ginen. Gainera, batzuetan lainoa sartzen zen, eta halako batean ekipoa atera eta lo egiten gelditu beharko genuela ere pasatu zitzaidan burutik. Azkenean, zorionez, garaiz iritsi ginen gailurrera, eta salto egitea lortu zuten.

Nolakoa izan da helikopterotik salto egitearen sentipena? Konparatu al daiteke goi mendietan edota paretak eskalatzen sentitzen duzunarekin?

Sentipenak oso desberdinak dira. Beste elementu bat da, gu ohituta gaude arroketan edo izotzetan eskalatzen, mendiaren aurka borroka egiten... BASE jauzian haizea da ardatz, eta beste perspektiba batzuk daude. Helikopteroaren patinean zaudenean, egitera zoazena naturala ez den irudipena daukazu, zaila da deskribatzen. Etorkizunean, esperientzia hartuz banoa eta gustuko badut, BASE jauzia egitea ere gustatuko litzaidake. Hori bai, hemen maila bat hartu beharra dago, ez baitago hutsegiteentzako lekurik. Huts txikienak oso gaizki buka dezake.

Irteerara iritsi zinetenean, izan al zenuen zuk ere salto egiteko gogorik?

Bai! Tentsio asko bizi genituen une horietan, batez ere, lehenengo saltoan. BASE jauziak duen gauzetako bat da lurra ukitu arte ezin zarela lasai egon.

Nolakoa izan zen jaitsiera?

Iñaki eta bion jaitsiera oso-oso gogorra izan zen. Hamar ordu inguru behar izan genituen behera heltzeko. Behera gindoazen heinean, erabilitako material guztia bilduz joan behar izan genuen. Leku askotan rapelak egin behar izan genituen, gaua zelarik, buruko argiaren laguntzaz. Azkenean, kontuan izan behar da 24 ordu inguruko jarduera izan zela guztira.

Nola definituko zenuke Groenlandiako paisaia eta hango jendea?

Hango biztanleak inuitak dira, oso jende alaitsua eta gertukoa. Askok ez zekiten ingelesez, baina bazekitenak ere bazeuden eta harremana paregabea izan da eurekin. Joaten naizen leku guztietan garrantzi handia ematen diot bertako biztanleak ezagutzeari, zer-nolako nortasuna duten ikusteari eta ulertzen saiatzeari. Nortasun handiko jendea dira inuitak, oso gustura ibili naiz haiekin hitz egiten eta esperientziak trukatzen. Bertakoen nortasunari paisaia gehituz gero, leku paregabea da. Negua denean itzultzeko sekulako gogoz gelditu naiz, fiordoak izoztuta egoten baitira garai horretan eta autoz ibiltzen dira horien gainetik.

Zein beste proiektu dituzu buruan etorkizunerako?

Negurako espedizioren bat badaukat pentsatuta, baina, ez dago ezer finkaturik, negua nola datorren ikusi behar da lehendabizi. Hiru aukera dauzkat printzipioz, bi nagusiki bai, baina ez daukat ezer argi oraindik. Ziurtatu ahal dudana da udaberrian Nepalera joango naizela, agian Kanchenjungara. Eta udan, berriz, K2ra. Beti esaten dut zortzimilako mendietatik aldenduko naizela, baina, gustura sentitzen naiz. Datorren udan hiru urte beteko ditut harantz joan gabe.

Manaslun gertatutakoaren inguruan zer esango zenuke?

Ikaragarria izan da. Arazo politikoak erdibidean direla jende asko elkartu da Manaslun, Cho Oyu eta Shisha Pangmara joateko aukerarik ez baitago. Horri gehituta 600 metroko sherak bat erori dela horrek daraman elur kantitatearekin... aurretik hartu duen guztia eraman du.

Zer moduz daukazu behatza?

Arazoak izaten jarraitzen dut, ez noa ezetz esatera. Mina izaten dut eta ez naiz gustura sentitzen. Nahi nuke mendira eta eskalatzera gehiago irten, baina, medikuek urtebeteko epea eman zidaten eta bete beharra dago hitza. Kanpotik ez dauka batere itxura txarrik, baina, oraindik hobetu beharra daukat.

Zer moduz dago Carlos Suarez?

Egunero hitz egiten dut berekin eta hobeto doa, baina, bera ere bere istorioarekin. Bost burdin xafla jarri dizkiote masailezurrean eta badoa hobetzen. Istripua nolakoa izan zen jakinda pozgarria da dagoen egoeran egotea, benetan okerragoa izan ahal zen. Hilabete gutxiren bueltan ziur ondo egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.