Mendia. Himalaya

Esplorazioaren uzta oparoa

Inguru ezezagun eta bakartietan nahiz izen handiko horma eta mendietan, jarduera dotoreak osatu dituzte hainbat taldek azken asteetan Karakorum mendikatean. Ondorengoa da eskalada horietako batzuen bilduma.

Mick Fowler, beheko kanpalekuan eserita, parean duen Gojunj mendiari begira. MICK FOWLER.
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Erraldoia da Himalaya, amaiezina ia. Aberatsa ere bada, eta asko dira mendikateko orratz eta mendietan osa daitezkeen jarduerak. Zortzimila metroen langa gainditzen duten mendiek erakarrita joaten dira mendizale asko bazter haietara, eta hamalau mendi horietan jarri ohi dituzte begiak komunikabide gehienek ere. Besterik ez balego moduan. Zortzimilakoetatik urrun, jarduera interesgarri asko osatzen dira urte osoan, eta Karakorumen azken asteetan osatutako eskalada horietako batzuen bilduma da ondorengoa.

1. Gojung(6.310),Fowler estilora

Hamaika hilabetez Erresuma Batuko Ogasun Zerbitzuan lan egiten du Mick Fowlerrek, zerga biltzea ikertzen. Hilabeteko oporraldia eta asteburuak izaten ditu mendira eta eskalatzera joateko egunak —emazte eta seme-alaben baimenarekin, betiere—. Garai honetan urtero izaten da haren berri, ingurune ezezagun eta bakartiren batean egindako sartu-irten eta eskaladengatik. Mendian zer bilatu garbi baitu Fowlerrek: «Ingurune bakartia, iristeko zaila, kultura, herri eta jendeinteresgarriak ezagutzeko lekua… Hori guztia mendira iritsi aurretik». Osagai horiei igo gabeko mendi bat eskalatzeko aukera gehituz gero, gozatzeko moduko menua prest izaten du Fowlerrek.

Halakoxea zuen udazken honetakoa. Dave Turnbull erkidea sokalagun hartu eta Gojung mendiaren (6.400) lehenengo igoera osatu dute. Estilo alpinoan igo dira, arin eta beharrezkoa soilik bizkarreratuta. Fowler zerga biltzaileak utzi du arrastoa, beste behin, Himalaya bakartian. Nepal mendebaldean dago Gojung, Kojichuwa ibarrean, eta hara iristea bera da abentura.

Erraztasunik ez zuten izan mendian gora. Mendebaldeko aurpegian aurkitu zuten igotzeko zirrikitua, hormaren erdialdean dagoen korridorea gaindituta. Bederatzi eguneko jarduera izan zuten mendia igotzeko eta jaisteko. «Bikaina izan da bizitakoa. Aurreikusi baino egun gehiago izan ziren, eta janaririk gabe geratu ginen zazpigarren egunerako, baina gainerakoan apartekoa izan da; akaso igo dudan biderik teknikoena izan da, bai behintzat 2002an Siguniang mendian izan nintzenetik igo dudan teknikoena». Izotz eta harkaitz tarteak gainditu zituzten bi mendizaleek, eta horman gora 1.500 metro luzeko bidea ireki zuten.

Tontorrera iritsi eta jaitsiera ertzari jarraituz abiatu ziren, ipar-ekialdeko norabidean. Ertzean aurrera egin ahala, bigarren tontor bat ere igo zuten. Handik aurrera areagotu zitzaizkien arazoak: hotza, eguraldi aldaketa bortitza, janaririk gabe geratzea... nekeak jota iritsi ziren beheko kanpalekuaren babesera.

2. 'Ameslariak',K7 zorrotzean (6.934)

Karakorumeko denboraldiko jarduera interesgarrienetakoa osatu dute Luka Strazar eta Nejc Marcic esloveniar gazteek K7 mendiaren (6.934) mendebaldeko pilarean bide berria irekita. Alpinismoak indar handia du Eslovenian, eta herrialde hartatik irten dira azken urteetako mendizale indartsuenetako asko. Haietako batek, Marko Prezeljek, laburbildu du bi gazteek egindakoa: «Zoriontzekoa da egin dutena, mendebaldeko pilaretik beste bide bakar bat zegoelako irekita aurretik —Prezeljek berak, Steve Housek eta Nick Andersonek ireki zuten, 2007an—. Himalayara lehenengoz joan direla aintzat hartuta, lorpen handia da».

Mendiaren magalera iritsitakoan, burua prestatzea izan zuten lehenengo egitekoa Strazarrek eta Marcicek; K7 mendiaren zorroztasunak inor ez baitu hotzepel uzten. Garbi zuten nondik egingo zuten igoera, eta bideari jarriko zioten izena ere aurrez erabaki zuten: The Dreamers of the Golden Caves, urre koloreko leizeen ameslariak. «Alpinista gazteak gara, ez dugu diru askorik, eta urrezko leizeekin amets egiten dugu», azaldu dute eskalatzaileek.

Lau egunean eskalatu zuten pilarea. «Lehenengo zatian izotzean eskalatu genuen, eta goiko aldean, harkaitzean eta izotzean; azken hori espero genuen baino gogorragoa egin zitzaigun. Eskerrak eguraldia aldeko izan genuen», argitu du Strazarrek. Bideak 1.600 metroko luzera du, eta eskalatzaileek VI/5, M5 eta A2 zailtasuna iradoki dute. Aurrez House, Anderson eta Prezelj hirukoak gainditu zuen K7 mendiaren pilare hori, 2007an. Estreinaldirako amets dotorea osatu dute Strazarrek eta Marcicek.

3. 'Beldurrik ez', Izenik Gabeko Dorrean

Errusiarrek utzi dute arrastoa horma handietako eskaladaren gune esanguratsuenetako batean, Trangoko Dorreetan (Karakorum, Pakistan). Viktor Volodin, Dmitri Golovtxenko, Sergei Nilov eta Aleksander Jurkin laukoak bide berria ireki du Izenik Gabeko Dorrearen ipar-ekialdeko horman: No fear (1.120m, VII, A3/6b+). Horma handietako eskaladaren bilakaeran mugarria jarri zuten horma horretan Wolfgang Gullichek eta Kurt Albertek Eternal Flame bidea irekita, 1989an. Maila apalagoan agertoki bera du Izenik Gabeko Dorrean Errusiako mendizale talde batek irekitako lehenengo bideak.

Hamar egun behar izan zituzten bidea irekitzeko. Lehenengo bi egunetan, paretaren hasierako zatia sokarekin finkatu zuten, eta hurrengo zortzi egunak egin zituzten horman zintzilik. Mila metro pasatxoko tartea eskalatu zuten Volodin, Golovtxenko, Nilov eta Jurkinek, eta hiru kanpaleku jarri zituzten horman.

Izenik Gabeko Dorrearen ipar-ekialdeko horma erdialdetik zeharkatzen du bideak. Granitozko harkaitza da, eta espoloi eta zati desplomatuak ditu. Aurreneko bost egunetan eguraldi ona izan zuten bidelagun eskalatzaileek, baina loteria izaten da goi mendian eguraldia, eta ekaitzaren erdian iritsi ziren tontorrera. Handik jaisteko izan zituzten komeriak.

Bideari No fear izena jarri zioten, beldurrik ez. Moskuko Demtxenko mendizale taldeko kideak dira lau eskalatzaileak, eta oihu hori dute elkartearen goiburu.

4. Esplorazioa Hispar Sar mendian (6.400)

Badira oraindik igo gabeko mendi dotore eta zorrotzak. Erresuma Batuko Mendi Federazioak Karakorumeko Hispar Sar (6.400) mendian hiru saio eginak zirela bildua zuen agirietan. Ahalegin hutsalak izan ziren. Tontorrera iritsi ezinda geratu ziren Jon Nankevirs buru zuen Zeelanda Berriko espedizio bat, 1991n; Andy Parkin eta Simon Yates mendizaleak, 2004an; eta Rufus Duits, 2008an. Azken hori mendiaren hego-mendebaldeko korridoretik igotzen saiatu zen, eta 6.000 metroko altuerara iritsi.

Duits ahalegindu zen eremu horretatik igo dute, hain zuzen, Doug Chabot, Bruce Miller eta Steve Su estatubatuarrek Hispar Sar. Eskarmentu handiko eta ibilbide luzeko mendizaleak dira hirurak, eta Hispar glaziarraren iparraldera zutitzen den mendi pikoa igotzeko baliagarria izan dute eskarmentu hori.

Gauerdian abiatu ziren mendian gora, eta 20 ordu behar izan zituzten 1.100 metroko korridorea gainditzeko. Handik tontorrerako bidean eskuinera jo behar izan zuten, harrien eroria saihesteko, eta izotza eta harkaitza uztartzen zituen horman gora beste zazpi luze eskalatu zituzten. «Harkaitza ez zen erosoa eskalatzeko, hauskor zegoen, arriskutsua. Elurra ere ez genuen baldintzarik onenetan topatu», oroitu du Chabotek.

Zazpi luze horiek gaindituta iritsi ziren mendiaren hegoaldeko ertzera. Han pasatu zuten gaua, eta tontorrera iristeko falta zituzten 300 metroak egunsentiarekin batera gainditu zituzten. Jaitsiera bide beretik osatu zuten, eta 20 rapel muntatu ondoren iritsi ziren beheko glaziarrera. Igo gabeko mendien zerrendatik Hispar Sar kendu dute Chabotek, Millerrek eta Suk.

5. Hassan Peakmendian aurrenekoa

Urrezko Pioletarekin saritu zuten duela bi urte Kyle Dempster estatubatuarra, Bruce Normand eskoziarrarekin Txinako Sitxuan eskualdeko Xuelian mendian ireki zuten bideagatik —Jed Brown eta Jared Vilhauer izan zituzten sokalagun—. Iaz ere arrastoa utzi zuten Dempsterrek eta Normandek Sitxuanen: igotzeke zegoen Grovesnor mendiaren (6.376) ipar- mendebaldeko horma eskalatu zuen aurrena —1.300 metroko horma tentea—, eta Edgar mendia (6.618) ondoren.

Aurten ere ez dio hutsik egin Dempsterrek inguru ezezagunetako mendiekin duen hitzorduari. Hayden Kennedy adiskideak eta biek Hassan Peak mendiaren lehenengo igoera osatu dute. Pakistango Charakusa eskualdean dago Hassan Peak, eta K6 eta K7 mendiak banatzen dituen glaziarretik abiatu zuten eskalada.

«Elur malda errazak topatu genituen lehen zatian, eta izotz tarteak ondoren. Izotza ez zegoen baldintzarik onenetan eta zaila egin zitzaigun aseguruak jartzea», azaldu du igoeraren lehenengo zatia Kennedyk. Zati deseroso hori gaindituta, izotz eta harkaitz eremu mistoa eskalatu behar izan zuten. Gaua gainean zutela, ekaitzak harrapatu zituen bi mendizaleak, eta gaua ahal bezala pasatu zuten aurkitutako babesgune ñimiñoetan.

Bigarren egunean gozatu egin zuten. «Granito horma dotoreak eskalatu genituen. Bikaina izan zen». Eguraldi aldakorra tarteko, bi orduko ekaitz batek harrapatu zituen bigarren egunean ere, izotz zati batean eskalatzen ari zirela. Hura pasatu zenean iritsi ziren hormako gune lau gutxietako batera. Gaua ahal bezala pasatu zuten han, «hotzak akabatu beharrean», eta tontorrerako falta zituzten 200 metroak hirugarren egunerako utzi zituzten.

Azken zati horretan hartu zuten ezustea: serac handi batek eragotzi zien gorako bidea. Eskuin aldera jo eta aurkitu zuten zirrikitua Dempsterrek eta Kennedyk. «Eskaladako zatirik basatiena izan zen azken hori. Hauskorra zen izotza, eta oso bertikala», azaldu du Kennedyk. Hura gaindituta iritsi ziren tontorrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.