Mendia

Euskal mendiei buruzko gida

Mendiko jokabide egokiak eta jarduerei buruzko informazioa biltzen ditu 'Ibili eta bizi euskal mendietan' gidak

Gida mendizaleentzako tresna izatea nahi dute. ALLANDE SOKARROS.
Adrian Garcia.
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Mendietako Elkargoen Batasunak (EHMEB) kaleratu berri du Ibili eta bizi euskal mendietan gidaliburua. Euskal Herriko mendien erabiltzaile eta kudeatzaileentzat da, eta mendiko jarduerak ezagutaraztea eta jokabide egokiak sustatzea du xede.

Gidaliburua euskaraz eta frantsesez argitaratu dute, eta herriko etxeetan, turismo bulegoetan, mendi elkarteetan eta www.mendian-nola-bizi.com webgunean aurki daiteke.

Mendian egokiro ibiltzeko praktika onak eta aholkuak biltzen ditu gidaliburuak. Basajaun pertsonaia sortu dute horretarako. Mendiaren zaintzaile mitologikoa da Basajaun, eta hark emango du mendiko ohitura egokien berri.

EHMEBk gidaliburua aurkezteko prentsaurreko bat eman du, eta, han azaldu duenez, euskal mendien garapen iraunkorrean ados jarrita idatzia dago.

Pertsona guztientzat da gida: hautetsi eta mendiku kudeatzaileentzat, mendi elkarteentzat, laborarientzat, basozainentzat, turismo eta aisialdiaren profesionalentzat, kirolarientzat, bisitarientzat eta, oro har, mendizale guztientzat.

Mendietako kudeatzaile eta erabiltzaileei laguntzeko ahal bezainbeste informazio jaso dute gidaliburuan. Kudeatzaileei erabil daitezkeen tresneria eta informazioa ematen dizkiete. Esaterako, mendiaren inguruko legeriaren xehetasun guztiak izango dituzte eskura.

Erabiltzaileak, berriz, mendian egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa jaso ahal izango du.

Poltsikoan eraman daiteke, erraz irakurtzen da, eta marrazki ugari ditu. Ahal bezainbeste erabiltzailerengana iristea da helburua.

2009. urtean ekin zioten proiektuari. Orduan, mendian ohitura egokien gidaliburu bati buruzko gogoeta hasi, eta bideragarritasun azterketa bat egin zuten. Hurrengo urtean, erakunde publiko, profesional, mendi elkarte eta hainbat arlotako profesionalak bildu ziren, gida osatzen hasteko. Gida eratzeaz gain, webgunea ere sortu zuten urte hartan. Orotara, ehun eragile inguruk parte hartu dute gidaliburua osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.