Urte olinpiarrekin batera, lau urtean behin egiten da XIV Orduak iraupen luzeko ibilaldia. Tolosako Aralarko Adiskideak elkarteak antolatzen du, eta Tolosako bertako Berazubi estadioa izaten dute ibiltariek abiapuntu eta helmuga. Igandean eguraldia lagun izan zuten mendizaleek; goizean goiz fresko, eta egunak aurrera egin ahala muturreko berorik ez.Aralarko joan-etorria osatzeko baldintza egokiak izan zituzten.
Guztira 2.378 mendizalek eman zuten izena, baina 2.209 atera ziren Tolosatik; goiztiarrenak 05:00etan, eta minutuz minutuko tartean gainerakoak. Duela lau urteko ibilaldian hiru mila parte hartzailetik gora izan ziren; aurten ibiltari gutxiagok parte hartu dute.
Ibilaldiaren izenari jarraituz, hamalau ordura gerturatzea izaten da antolatzaileen helburua, baina ibiltariek 12 eta 16 ordu bitarteko epea izaten dute ia 70 kilometroko ibilaldia osatzeko. Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta Tolosa, Gipuzkoako eta Nafarroako hamazazpi herri horietatik pasatu ziren ibiltariak.Azkarrenak zortzi orduan iritsi ziren, kontroletik kanpo, beraz. Berantiarrenak 16 orduak igarota zeudela. Egindako ahaleginarekin pozik eta nekatuta guztiak.
Bi mila pasa ibiltarientzat anoa guneetan ura, laranjak, salda, kafea... litroka eta kiloka, baina jaki kopurua kalkulatzerakoan akats bat izan zutela aitortu dute antolatzaileek.
Giro ederrarekin egin dute XIV Orduak ibilaldia
Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta, ia 2.300 mendizalek parte hartu dute, duela lau urte baino 700 gutxiagok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu