Mendia. Jokin Azketa. Mendizalea eta idazlea

«Giza harremanetan sakondu nahi izan dut»

Mendia, literatura eta bidaia ezinbesteko osagaiak ditu Jokin Azketak. Desnivel etxearen eskutik kaleratu duen lehenengo liburuan, hiru elementu horiek uztartu ditu: 'Donde viven los dioses menores'.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Iruñeko Muga dendan mendia ardatz duten liburuz inguratuta daramatza 25 urte Jokin Azketak (Iruñea, 1957). Hark idatzitako liburu bat apaletan dago orain: Donde viven los dioses menores. Desnivel argitaletxearen eskutik eman dute argitara Azketaren lehenengo eleberria. Pirinioetan lekututako nobela misteriotsua da, eta errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu. Mendian girotutako liburua da, baina ez da mendiko liburu ohikoa.

Zer bildu duzu 'Donde viven los dioses menores' liburuan?

Mendiko nobela bat idatzi nahi nuen, mendia ardatz duten liburu gehienen aldean desberdina. Istorioa bera erreala da, eta gertaeren kokalekua ere bai. Nire ibilbideko bizipen pertsonalak dira, eta nobelak Pirinioetako Restanca aterpetxean hasi eta Bujarueloko zubian bukatzen den neguko zeharkaldi bat du oinarrian. Jorge izeneko mendi gidaria eta harekin joandako sei mendizaleak asmatutakoak dira, eta haien arteko harremana ere fikzioa da.

Zergatik uztartu dituzu autobiografia eta fikzioa?

Pertsonen arteko harremanetan sakondu nahi nuen, eta fikzioa horretako bidea izan dut. Giza harremanak konplexuak dira, eta horiek zailtzen dituzten bi elementu nabarmendu nahi nituen: gaizki-ulertuak eta nahasketak. Egoera deseroso eta zail batean agertzen da gutako bakoitza den bezalakoa.

Eta mendian halako egoera deserosoak maiz gertatzen dira, ezta?

Mendizalea naizelako eta mendia gertutik ezagutzen dudalako aukeratu dut harreman horiek garatzeko kokalekutzat. Beste agertoki batzuk ere baliagarriak izan zitezkeen, baina ezingo nuke Iruñeko kaleetan, adibidez, halakorik imajinatu. Mendian zazpi pertsonaren artean dagoen komunikazioa, bakoitzaren ahulguneak, horiek ezkutatzeko ahalegina, mendekotasun harremanak... Pirinioetan halako zeharkaldi bat egin duena liburuarekin identifika daitekeela uste dut.

Mendiko argitalpen eta liburu gehienak gidak izaten dira, eta informazio bat ematea dute helburu. Zuk bestelako genero bat jorratu duzu: mendiko nobelagintza.

Bat nator diozunarekin, eta horregatik saiatu naiz beste ezaugarri batzuk dituen liburu bat idazten. Apenas dagoen mendian girotutako nobelarik, eta zergatia ez dakit. Argitalpenen ehuneko laurogei gidak izaten dira, eta narratibari dagozkion liburuak bizipen pertsonal bati edo eskalada bati lotutakoak dira; kontakizun soila. Haietako batzuk oso ongi idatziak daude, baina fikziorik ez dute. Mendia kokaleku duen nobela bat da nirea, baina ez mendiari buruzko nobela bat.

Zergatik dago hutsune hori?

Mendiko literatura bazterrean geratzen ari da. Ibilbideak eta gidak idazten dituzten mendizale asko dago, baina mendiko narratiban ari den gutxi. Gaur egun, pentsaezina da Herbert Tichyk 1930eko urteetan idatzi zuen By Favour of The Gods [Jainkoen tronura bidean] bezalako liburu bat idaztea. Mendian bizitakoekin nobelak idazten zituzten garai batean. Egun, Joe Simpson da bide horretan dabilen bakanetakoa; Touching The Void ezaguna idatzi zuen, eta berriki kaleratu du The Sound of Gravity. Azken eleberri horretan mendiko gertaera bat ardatz hartzen du Simpsonek, baina gertaera hori gertuko pertsona baten heriotzak zertan eragiten digun kontatzeko eta hausnartzeko darabil.

Garai bateko nobelagintza aipatu duzula, liburuan zuk ere erreferentzia historikoak tartekatu dituzu.

Alpinismoaren historian ezinbestekoak iruditzen zaizkidan pertsona batzuk sartu ditut. Niretzat bizitzan ezinbestekoak diren balioak biltzen dituzte: jarraikitasuna, erresistentzia, adorea. Whymper eta Cervinoren lehenengo igoera, Scott eta Hego poloan gertatutako hondamendia, Heinrich Harrer eta Eiger mendiaren ipar horma... Ez ditut gertaera horiek sakondu, baina erreferentzia egin nahi izan diet.

Mendia eta literatura gertukoak dituzu. Liburuek eraman zintuzten mendira edo menditik egin zenuen jauzi liburuetara?

Biak eskutik jaso nituen, oso gaztetatik gainera. Haurra nintzenetik asko irakurri dut, eta gaztetatik mendira joan naiz kuadrillako lagunekin. Naturala izan zen bietarako jauzia. Mendiak adiskidetasuna zer den irakatsi dit, eta lagunik onenetako batzuk ezagutzeko modua izan dut mendian. Hori zor diot. Liburuek munduarekiko eta bizitzarekiko ikusmira zabaldu didate, eta beste bizitza batzuk ezagutzeko bide eman.

Irakurlearengandik zer erreakzio espero duzu?

Mendiko istorio desberdin bat irakurri dutela sentitzea gustatuko litzaidake, eta giza harremanen inguruan gogoeta egitera eramaten baditu, poztuko nintzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.