2011ko mendiko kirolari onenen garaikurrak banatuko dituzte gaurko ekitaldian, baita Pyrenaica aldizkariak antolatutako mendiko artikulu eta diapositiba lehiaketetako sariak ere. Azken horiek gaur iluntzeko ekitaldian jakinaraziko dituzte; EMFk banatuko dituenak, aldiz, jakinak dira.
Urteroko legean, mendiko jarduera onenak aukeratu eta urteetan mendizaletasunaren alde egindako lana sarituko du EMFk. Garaikurra jasoko dutenak zenbait belaunaldi eta garairen lekuko dira. Gazteen artean, Ekaitz Maiz, Antton Zabala eta Patxi Usobiaga eskalatzaileak, Oihana Kortazar korrikalaria eta Alex Txikon alpinista daude; beteranoen artean, berriz, Jabi Olabarria korrikalariak eta Jesus Mari Alquezarrek. Guztien artetik bat izango da berezia: Antxon Bandres zenari irudi eta musika bidez egingo diotena.
Ekitaldia Kutxak Andia kalean duen aretoan egingo dute, 19:30ean. Parte-hartzaileei egingo dieten ongietorriarekin hasiko dute, eta bukatu, berriz, mahai baten inguruan bukatuko dute, afari dotorean. Sari banaketa eta hitzaldien artean, Gasteizko Mendi Zinemaldiak utzitako Cold filma eskainiko dute. Denis Urubkok, Simone Morok eta Cory Richardsek iazko neguan Gasherbrum II mendian bizitakoak kontatzen ditu lanak. Gomendagarria oso. Horratx banatuko dituzten sariak:
Mendiko lasterketen saria
Oihana Kortazar etaJabi Olabarria
Ezaugarri eta bilakaera desberdinak izan dituzten bi lasterkarik partekatuko dute mendiko lasterketentzako saria: Oihana Kortazar eta Jabi Olabarria. Kortazarrek urte gutxi daramatza mendi lasterketetan; Olabarriak, berriz, urte luzetako ibilia. Munduko Kopa, Espainiako Kopa eta Txapelketa irabazi zituen iaz Kortazarrek. Olabarriak 3. postuan bukatu zuen Munduko Kopa.
Andres Espinosa saria
Alex Txikon
Urteko jarduera alpinistiko onenari banatzen zaiona Alex Txikoni emango diote. Pakistanen dago mendizalea, Gasherbrum I mendia neguan igotzeko ahaleginean. Iazko neguan ere horretan saiatu zen, eta udan aizkora erakustaldiak eta mendia uztartu zituen bidaia berezian. Emaitza dotorea izan zen: G-I eta G-II igo, eta K2 mendian 8.000 metrora iritsi zen.
Angel Sopeña saria
Antton Zabala eta Ekaitz Maiz
Pirinioetako Marboreko Dorrearen ipar aurpegian irekitako Agur eta ohore bideagatik sarituko dituzte urteko eskalada jarduera onenarekin Antton Zabala eta Ekaitz Maiz. «Marboreko ipar horma erditik eta nahiko modu zuzenean zeharkatzen du. Gehienbat plaka estilokoa da, baina sabai, diedro eta pitzadura batzuk ere baditu», definitu zuen irekitako bidea Maizek. 300 metro ditu Agur eta ohore-k eta 8a zailtasuneko luzeak.
Antxon Bandres saria
Mendi Film Festival
Kolaborazio interesgarrienari emandako saria Gasteizko Mendi zinemaldiak jasoko du. Lau ekitalditan nazioartean erreferente izatea lortu du Mendik, eta goi mailako filmak eta mendizaleak ekarri ditu Euskal Herrira.
Andres de Regil saria
Aitor Murua
Mendiko eskiari lotutako saria Aitor Muruak jasoko du. Lasterketetan lortutako emaitzak eta garaipenak bainoago, eskiatzaile gazteak prestatzen eta trebatzen egindako lanagatik sarituko dute. Azken urteetan EMFren selekzioko hautatzailea izan da Murua.
Ibilbidearentzako saria
Patxi Usobiaga etaJesus Mari Alquezar
Bi lagunek jasoko dute urteetako lanari ematen zaiona: Patxi Usobiaga eskalatzaileak eta Donostiako Vasco de Camping elkarteko presidente ohi Jesus Mari Alquezarrek. Usobiagak agur esan zion iaz kirol eskaladan lehiatzeari. Ibilbidean lortutako emaitzak nekez berdindu daitezke, nola txapelketetan hala harkaitzean. Alquezarrek 40 urtetik gora daramatza mendian, eta 24 urtez izan zen CVC elkarteko presidente; 1.300 bazkiderekin hartu zuen elkartea, eta 4.000 kiderekin utzi.
Mendizaletasunaren adiskideentzako sariak
Gemma Berasaluzeeta Gotzon Larrea
Villabonako Aizkardi elkarteko kideak dira Gemma Berasaluze eta Gotzon Larrea, eta iraupen luzeko ibilaldien berri biltzen duen Zirkuitua.com webgunearen sortzaileak. Ibilaldi horien berri emateko ezkutuko lana eskertu nahi izan die EMFk gaurko sariarekin.
Loli Lopez Goñi saria
Ana Ruiz eta Idoia Rubial
Emakumeak saritzeko EMFk sortu zuen saria Ana Ruizek eta Idoia Rubialek jasoko dute. Eskaladaren aldaerak, mendiko eskia, arroila jaitsiera...: denetarik egin zale dira, eta Neskalatzaileak blogaren eta Pyrenaica-ren blogaren bidez ematen dute horien berri.
Sheve Peña saria
Marijo Aizpurua
2004an Aralarko Adiskideak elkarteak antolatutako IV. Orduen Martxa bukatzea lorpen handia izan zuen Marijo Aizpuruak. Ordutik ez da haren ibilia eten. Iraupen luzeko ibilaldietan parte hartzen hasi zen; Hiru Handiak, ibilaldien egutegia osatzen duten martxak... Azken horietan parte hartzen dutenen artean ibiltari estimatua da Aizpurua. 2006tik izan da zirkuituko finalista.