Eskaladako modalitateen espezialista onenak elkartu ziren asteburuan munduko txapelketa jokatzeko, Parisko Bercy auzoko kirolen jauregian. Urteko txapelketa garrantzitsuena zuten. Ikusgarritasuna, handia; lehia, berriz, estua benetan.
Emakumezkoen boulder txapelketak eman zuen ezuste handienetako bat. Finalerdietan, lehen posturako hautagai ziren eskalatzaile asko kanpoan geratu ziren; horrela, Anna Stohr austriarra zen garaipenerako hautagai nagusi. Ustea ez zen bete ordea. Melanie Sandoz frantziarrak irabazi zuen. Erakustaldi bikaina eman zuten bai Sandozek, baita Olga Lakovievak ere, biek hiruna bide kateatuz; azken hori bigarren izan zen, saio gehiago behar izan baitzituen bideak kateatzeko. Stohr izan zen hirugarren.
Gizonezkoetan, ezuste gutxi. Aurreko urteko garaileak, Dmitrii Xarafutdinov errusiarrak argi erakutsi zuen oraindik indartsuena dela boulderrean. Lehenengo bidean huts egin arren, hurrengoak banan-banan kateatu zituen, gainontzeko finalistak erortzen zihoazen bitartean. Kilian Fischhuber izan zen bigarren, eta Rustam Gelmanov hirugarren.
Zailtasunari dagokionez, Jacob Schubert gazteak gizonezkoetan eta Angela Eiterrek emakumezkoetan eraman zituzten urrezko dominak. Biak austriarrak eta aurreko urteko garaileak dira; titulua defendatzen jakin zuten finaleko bidean gainontzeko finalistek baino lan txukunagoa eginez. Schubert da, baita ere, aurtengo munduko kopako garaile, eta azken lorpen horrekin urte osoan izan duen nagusitasuna berretsi du. Sean McCollek eta Adam Ondrak eta Jain Kimek eta Johanna Ernstek osatu zuten podiuma.
Abiaduraren modalitatean, Qixin Zhong txinatarrak irabazi zuen gizonezkoetan, Libor Hroza txekiarraren eta Dmitrii Timofeev errusiarraren aurretik. Emakumezkoetan, errusiarren nagusitasuna itzela izan zen. Lehenengo sei sailkatuetatik bost errusiarrak izan ziren, eta horietako hiru igo ziren podiumera: Julia Levotxkina, Julia Kaplina eta Natalia Titova, hurrenez hurren.
Ezinduen txapelketa
Abiadurako, zailtasuneko eta boulderreko txapelketez gain, ezinduen txapelketa ere jokatu zen Bercyko kirolen jauregian. Ezintasunaren arabera maila ezberdinetan banatuta, ikusleak zur eta lur geratu ziren hanka bakarreko edota ikusmen arazoak dituzten eskalatzaileen trebetasunaz jabeturik. Urteak pasa ahala, geroz eta eskalatzaile gehiago dira txapelketa horietan parte hartzera animatzen direnak.
Mendia. Munduko eskalada txapelketa
Jacob Schubert eta Angela Eiter onenak berriz ere
Parisko Bercy auzoan erabaki dira aurtengo zailtasun, boulder eta abiadurako munduko txapeldunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu