Kontrabandoaren Bidasoa

'Bidasoko kontrabandistak' izeneko mendi ibilbidea sortu dute zortzi aterpetxeren artean, kontrabandoa gogora ekartzekoBidaso aldetik pasatzen da bidea, eta oinez edo bizikletaz egin daiteke

Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoatik pasatzen da bidea. Irudian, mendizale batzuk, mendi ibilbidea egiten, zubi baten gainetik pasatzen. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Bidasoaren herria. Horrela izendatu zuen Pio Barojak Euskal Herria. Bi mugek bereizten duten lurraldea batzen du ibaiak. Hala, Euskal Herrian berebiziko garrantzia izan duen ogibidea sortu zuen: kontrabandoa. Bidasoa inguruan estatuen arteko mugak gainditzen zituzten mugalariek. Kontrabandista horien bizipenak gogora ekartzeko Bidasoko kontrabandistak mendi ibilbidea sortu dute Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako zortzi landetxe eta aterpetxeren artean. Egungo mendizaleek afizio gisa hartu ahalko dute garai bateko ofizioa. Mendizaleak kontrabandista bihur daitezke hainbat egunez.

Ibilbidea zirkularra eta norabide bakarrekoa da; Hondarribian hasi eta bertan bukatzen da, baina Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako hainbat herri zeharkatzen ditu. Euskal Herrian dagoen gisa horretako ibilbide bakarra da, gainera. Oinez eginez gero, zazpi etapatan, 176 km egin beharko dituzte mendizaleek; txirrindulariek, berriz, 224 km osatu beharko dituzte, zazpi edo lau etapatan. «Sasoiko egotea eskatzen du ibilbideak», dio Mikel Albisuk. Bera da Beintza-Labaiengo aterpetxeko arduraduna. Ibilaldia egiteko «behar-beharrezkoa» da aldez aurretik prestakuntza egokia izatea.

Mendizaleak kontrabandista

Kontrabandoa ohiko lanbidea izan da historian, eta tartean gerra, gerraosteak edo krisi ekonomikoak izan dira. «Kontrabandoa isilpeko kontua izan da orain arte, baina Bidasoa eskualdean garrantzi handia izan du beti», esan du Albisuk. 1659an onartu zuten iparraldearen eta hegoaldearen arteko banalerroa, Faisaien Uharteko Pirinioetako itunean, baina 1856an ezarri ziren bi estatuen arteko mugarriak, Baionako itunaren ondorioz. Urte horietan kokatu daiteke kontrabandoaren hastapena. Besteak beste, elikagaiak pasatzen zituzten, ogia, azukrea edo kafea, kasu, baita aziendak eta abereak ere. Ezaguna da ere gerra garaian pertsonei laguntzen zietela muga pasatzen. Adibidez, Francoren diktadura garaian errepublikazaleek eta makiek gurutzatzen zuten muga. 1940tik 1970era izan zen Euskal Herriko kontrabandisten azkeneko aroa. Orain orduan bizitakoari traza hartu ahalko zaio Bidasoko kontrabandistak ibilbidean.

Aterpetxe eta landetxeetan ibilbidea egiteko hainbat eskaintza jarri dituzte interesa dutenen eskura. Txirrindulari eta oinezkoentzako prezioak egongo dira. Gainera, bi eskaintza kaleratuko dituzte. Aukeretako bat da mantenu erdian geratzea. Bestea «kontrabandistaren eskaintza» da, osatuagoa. Kontrabandisten afari eta gosariak, kamiseta eta kontrabandistaren paketea izeneko oparia ere ematen dute. Kontrabandisten paketea mapak, ibilbideko gidak, zigilatzeko txartelak eta biserak osatutako material sorta da.

«Azkenengo urte eta erdian egon gara ibilbidearen ideiari bueltak ematen. Krisia batzuetan ongi dago halako proiektuak astintzeko», dio Albisuk. Abuztuan jarri dute martxan egitasmoa, eta harrera «ona» izan duela adierazi du. Mendi ibilbideaz gain, zortzi ostatuen artean kaleratutako mendi gida da proiektuaren beste zutabea.

Eskuliburu horri esker, kontrabandisten mendi ibilbidea nork bere kabuz egiteko jarraibideak azaltzen dituzte. Liburuan, etapa bakoitzaren datuak agertzen dira, hala nola distantzia orokorrak, edo igaro beharreko herriak. Gainera, toponimoak ere baditu, lekuen erreferentziak hartzeko. Oinezkoentzat erabilgarri izan daitezkeen beste zenbait argibide ematen ditu: bide mota eta ibilbidearen luzera eta baliztapenaren egoera. Gidaren ezaugarririk deigarriena kontrabandistaren txokoa deituriko atala da, bertan etapa bakoitzean atseden hartzeko inguruko txokorik «politena» zein den azaltzen dute.

Hiru probintzia, bide bakarra

«Itsasoa da ibilbide honen berezitasuna», adierazi du antolatzaileak. Arraroa da mendi ibilbide batean itsasoa ikusi ahal izatea, baina, mendizaleek ez dute soilik itsasoa ikusiko, gurutzatu egingo dute. Hendaiatik Hondarribira txalupan pasatuko dira ibilbidea egiten dutenak, «garai bateko kontrabandistek egin bezala». Hondarribian hasten da bidea, eta ondoren Aritxulegirantz jotzen du. Bigarren etapan Arantzarainoko bidea egin behar dute ibiltariek, eta hirugarrenean, Beintza-Labaieneraino abiatu beharko dute. Zigarakoa da laugarren etapa. Bosgarrena, aldiz, Zigatik Erratzura. Gero, Erratzutik Etxalarrerainoko kilometroak egin beharko dituzte. Azkenengo etapan Etxalartik Hondarribirako bidea izango da egitekoa, Lapurdira sartu-irtena eginez. Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa gurutzatuko dituzte kontrabandista lanetan ibili nahi duten mendizaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.