Izenari ohore egiten dio No siesta bideak. Mont Blanc mendiguneko izotz eta harkaitz biderik gogorrenetakoan nekez topatu daiteke eseri edo etzateko eremu laurik; nekez atsedena hartzeko eta lotarako tarterik. Konstantea da eskalada, etenik gabea. Jorasses Handietako ipar hormaren mila metroak behetik gora zeharkatzen ditu. Harribitxi preziatua da alpinistentzat, izotza eta harkaitza uztartzen dituen artelana. Benetako alpinismoa.
Gutxi dira bidea eskalatu dutenak. Horregatik da esanguratsua egun gutxiren buruan Mikel Zabalzak, Kepa Escribanok eta Mikel Saez de Urabainek eskalatu izana, aurrenekoak Manu Cordova espainiarra sokalagun zuela. Mila metroko horma gainditzeko bi eguneko eskalada behar izan zuten Zabalzak eta Cordovak, urriaren 13 eta 14a; hiru eguneko jarduna, berriz, Escribanok eta Saez de Urabainek, hilaren 14, 15 eta 16a. «Futbolean Txapeldunen Ligan aritzearen parekoa da, Alpeetan eskalatu dudan zailenetakoa eta, akaso, ederrena», laburbildu du Zabalzak. Mikel Saez de Urabainen ahotik ere miresmen hitzak irten dira: «Flipatuta itzuli gara. Alpinismoan ospe handiko bidea da, eta alpinista guztiek dugu inoiz igotzeko asmoa. Zain izaten gara, eta guri orain iritsi zaigu aukera». Ipar horma horretako McIntyre-Colton bide klasikoa eskalatua dute biek, eta zailagoa eta gogorragoa iruditu zaie No siesta. Aurreneko euskal eskalatzaileak izan dira eskalatzen.
Baldintza eta egokiera zehatzak behar dira bidea eskalatzeko, eta iraila eta urria izaten dira hilabeterik aproposenak. Teknologia berriek unean uneko informazio zehatza edukitzea ahalbidetzen dute, eta lagungarria zaie hori eskalatzaileei. Chamonixen bizi den adiskide baten deia izan zuten Zabalzak eta Cordovak hara abiatzeko akuilu. Baldintzak txukunak zirela iragarri zien deitzaileak. Zalantzarik ez zuten egin.
Plan de Aiguillera doan teleferikoa hartu, eta handik oinez joan ziren Montenversera eta Leschauxeko aterpetxera Zabalza eta Cordova. Atsedena hartu, eta goizaldeko ordubietan jo zuen iratzargailuak. Jantzi eta hormaren azpiko aldera oinez; eskalatzen 06:30ean hasi ziren.
Lotarako komeriak
Alpeetako biderik mitikoenetakoa da No siesta. Ingurunea bera da harrigarria, eta eskalatzaileek diotenez bidea ere bai. «Izotzean eta harkaitzean eskalatzea gustatzen zaionarentzat bereziki da bide ederra. Alpinismoaren ezaugarririk gorenak biltzen ditu eskalada mistoak, eta No siesta aparteko bidea da alde horretatik. Etenik ez du, luze guztietan eskalatu behar da, baina ez da hain zail-zaila ere; guk eskalatu dugun baldintzetan,behintzat. Hiru luzek dute benetako zailtasuna, baina bideak 30 luze ditu orotara. Hori bai, nekeak jota iristen da bat bukaerara», azaldu du Zabalzak.
Lehenengo egunean sokaburu lanak partekatu zituzten Cordovak eta biek. Bizi-bizi igotzea zuten asmoa, horman gau bakarra pasatzea baitzuten aurreikusia —bi gau egitea izaten da ohikoena—. Berehala jabetu ziren bidearen izenak mendiaren izanari egiten diola erreferentzia: «Lotarako leku aproposik ez genuen topatu. Nola edo hala eserita pasatu genuen gaua, hankak amildegian zintzilik genituela. Hamar ordu egin genituen han, baina lotan bi egin genituen, gehienez ere». Hotzik, behintzat, apenas: lau bat gradu zeropetik, garairako tenperatura ohikoa.
Gaupasa bertikalaren ondoren, luzerik ederrenak izan zituzten gosaritan: «Manu joan zen sokaburu luze horietan. M6+ edo M7 izan daitezke zailtasunean, baina baldintza onak izan genituen izotzean». Bidearen pasarte giltzarriak gaindituta, azken zortzi luzeak eramangarriak egin zitzaizkien eta 17:00etarako iritsi ziren Jorasses Handietako tontorrera. Aspaldiko ametsetako bat egia bihurtu zuten: No siesta, librean.
Hiru eguneko eskalada
Mendia jaisten ari zirela hartu zuten ezustea Zabalzak eta Cordovak. Mikel Saez de Urabain eta Kepa Escribano han zirela jakin zuten, haiek ere No siesta eskalatzera joanak. «Estrategia kontserbadorea eraman dugu, hiru egunerako janaria hartuta. Zama gehiago eramatea dakar horrek, baina ez genuen estu ibili nahi», azaldu du Saez de Urabainek.
Ostiralean sartu ziren horman gora, eta igande gauean iritsi Jorasses Handietako tontorrera. Hitz batean, «flipatuta». «Ez da izotz bide arrunta. Erdi parean 300 metroko harkaitz zatia du, eta izotzezko goullote dotoreak goiko zatian. Teknika aldetik iaioa izan behar da eskalatzeko, eta psikologikoki halako horma batean sartzeko prestatuta egotea ezinbestekoa da», iritzi dio goierritarrak.
Eta eskarmentua badute Escribanok eta Saez de Urabainek. Mila metroko bidean 15 edo 20 bat torloju erabili zituzten izotzean aseguratzeko, baina zatirik gehienetan harkaitzean babestu zuten eskalada, friendak eta fisureroak erabilita. Ostiralean hasitako saioa igande gauean bukatu zuten, eta gaua tontorrean pasata astelehenean jaitsi ziren. Haientzat ere ametsa errealitate.
Mendia. Alpinismoa
Lotarako tarterik ez Jorasses Handietan
Egun gutxiren aldearekin 'No siesta' bidea eskalatu dute Mikel Zabalzak, Manu Cordovak, Kepa Escribanok eta Mikel Saez de Urabainek; Alpeetako izotz eta harkaitz bide dotore eta esanguratsuenetakoa da, alpinista askok amestutako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu