Ezustean harrapatu zituen denak astearteko zorigaiztoko berriak, espero ez den zaplasteko baten moduan. Dolutan daude tolosarrak, eta, oro har, euskal mendizaletasuna. Antxon Bandres Zaragueta hil zen asteartean, Tolosako Urkizu baserrian belarra mozten ari zela erori eta buruan kolpea hartuta. 62 urte zituen.
Ezaguna zen oso Antxon Bandres, bai Tolosako herrian, baita mendiaren munduan ere. Medikua lanbidez, erradiologian espezialista, Tolosako Asuncion erietxean lan egiten zuen. Mendizaletasunari ekarpen izugarria egin zion. Euskal Mendi Federazioko presidente izan zen bi alditan, zortzi urtez denetara. Lehenengo aldia 1976 eta 1980 urteen bitartean burutu zuen. Bigarrena, 2000. urtetik 2004ra. Egun, federazioko presidenteorde zen.
Gaztetatik izan du Bandresek mendia zaletasun nagusi. Bizi guztian maite izan du natura, eta horren erakusgarri da zaletasun horri eskainitako ordu eta dedikazio eskerga. Odol barnean baitzeraman mendia Bandresek. Haren aitonaren anaia federazioko bultzatzaileetako bat izan zen. 1924an sortu zuen Elgetan (Gipuzkoa) Federazioa, eta hura izan zen lehenengo presidentea. Aitonaren anaiari buruzko liburua ere kaleratu zuen Bandresek, El sportman Antxon Bandres Azkue.
Bandresek haren arbasoaren pausoak jarraitu zituen, eta mendizale federazioko presidente gazteena izan zen, egoitza Beasainen zegoenean.
Mendiarekiko zuen konpromisoa azpimarratzen dute hura ezagutu zutenek. Haren ekarpena, baina, mendizaletasuna sustatzeaz harago doa. Izan ere, Bandresek bazekien, ondo jakin ere, nondik zetorren eta nora joan nahi zuen.
Ordu eta esfortzu asko dedikatu zizkion mendizaletasuna gaurkotzeari, etorkizunera begira zegoen pertsona baitzen. Lehiaketa berrien defendatzaile, mendi lasterketei bultzada handia eman zien. Inork gutxik aurreikusiko zuen garai hartan lasterketok euskal kirolarien artean egun duten arrakasta —azkena Oihana Kortazarren txapela Munduko Kopan—.
Mendiko eski taldeak ere bultzatu zituen Bandresek, baita egun errealitate diren beste hainbat ekimen ere.
Mendiarekiko zuen konpromisoa bizitzako beste alorretara ere eraman zuen Bandresek. Tolosako herriari estuki lotua zegoen pertsona zen, Tolosako Udaleko zinegotzi izan baitzen Euskadiko Ezkerraren ordezkari gisa. Azkeneko maiatzeko hauteskundeetan EAJko zerrendetan aurkeztu zen.
Medikuntza eta Biologia ikasketak egin zituen gaztetan, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Fisikoa saileko kidea zen.
Ezaguna ez ezik, pertsona maitatua zen Bandres Tolosan. Ekimen ugaritan parte hartzen zuen. Gabonetan Olentzeroren larruan sartu eta haurrei opari zerrenda eskatzen zien. Inauterizale porrokatua, Andia Kultur Elkarteko kidea ere bazen. Iragan udaberrian ospatu zuten Napoleon garaiko alardean antolatzaile lanetan aritu zen.
Mendia. Antxon Bandres
Mendiari loturiko bizitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu