Mendia

Perfection Valley ezezagunera bidean dira Pou anaiak

Mila metroko hormak daude Baffin uharteko inguru basati hartan; haietan eskalatu eta bide bat ireki nahi dute

Goiko irudian, zientzialari batzuen eskutik jaso duten argazkietako bat. Behekoan, Iker eta Eneko Pou, aurrez egindako espedizio batean. JABI BARAIAZARRA / BESTEAK.
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Iker eta Eneko Pou anaiek ekin diote abentura berriari. Bi hilabeteko esplorazio bidaia hasi dute, Kanadako Baffin uharteko Perfection Valley eskualdean. Leku urrun eta bakartia da Perfekzioaren ibarra, eta zirkulu artikoan dago. Zientzialari batzuek urrunetik ateratako argazki bakan batzuk dauzkate erreferentziatzat. Mila metroko hormak daudela jakin badakite, eta haietan eskalatu eta bideren bat ireki nahi dute. «Argi daukagu: edo dena ongi ateratzen da, edo dena gaizki. Guk ahalegin guztiak egingo ditugu, beti bezala».

Asteazkenean abiatu ziren Euskal Herritik, eta Ottawan (Kanada) egingo dute bidaiako lehenengo geldialdia. Azken prestaketak egingo dituzte han, eta Clyde River herrira joango dira. Baffin uhartearen ekialdean dago inuiten Clyde River herrixka. «Zibilizazioaren azken tokia da; hortik aurrera, eremu ezezagunean sartuko gara», diote poutarrek.

Clyde Rivertik elurrean ibiltzeko motorretan irtengo dira, asteartea baino lehen. «Itsaso gaineko izotza dago oraindik. Izotza zartatuko balitz, ez genuke modurik izango kanpamentu nagusira iristeko». Izotza zartatzen hasten den unetik, ezingo dira handik atera uztail bukaera arte, izotza erabat ireki arte. Itsasontziz aterako dira orduan.

Eskarmentu handiko taldea

Ez doaz bakarrik. Zazpikote batean doaz, taldean. Hansjorg Auer eta Ben Lepesant izango dituzte sokalagun eskalatzen. Riky Felderer eta Matteo Moccelin argazkilariak arduratuko dira irudiak biltzeaz. Zazpigarren taldekideak sukaldari eta ehiztari lanak egingo ditu. Izan ere, hartz zuriekin topo egiteko arriskua handia da urteko sasoi honetan, eta bi errifle eramango dituzte. «Espero dezagun erabili behar ez izatea, bai gure onerako eta bai hartzen onerako ere». Inguru izoztu hartara joateko garairik beroenean doaz; zeropetik 15 gradu eta 8 gradu positibo arteko tenperaturak izaten dira garaiotan, baina eurite garaia ere bada.

Espedizioak dituen ezaugarriak aintzat hartuta, 2007an Antartikara egin zutenarekin alderatu dute poutarrek. «Bidaia hau, berekin dakarren ziurgabetasun, konpromiso eta abenturagatik, 2007an Antartikan Zerua Peak eskalatu genueneko harekin aldera daiteke». Zazpi pareta, zazpi kontinente proiektua Antartikan bukatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.