Mendia

Urrezko Pioleta, bikoitza

K7 mendiko esloveniar gazteek eta Saser Kangriko amerikarrek jaso dute 2011ko mendi jarduera onenaren ikurra

Ezker-eskuin, Luka Strazar, Nejc Marcic, Steve Swenson, Mark Richey eta Freddie Wikinson. PASCAL TOURNAIRE.
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Asteburuan banatu dituzte 2012ko Urrezko Pioleta sari preziatuak, Frantziako Alpeetako Chamonix-Courmayeurren. Iazko mendi jarduerarik onena saritzen du ikurrak, eta baten ordez bi banatzea erabaki du Michael Kennedy, Alpinist aldizkariko zuzendaria, buru duen epaimahaiak: Nejc Marcic eta Luka Strazar esloveniar gazteei eman diete bat, K7 mendiaren (6.934) ipar-ekialdeko horman irekitako bideagatik; eta Mark Richey, Steve Swenson eta Freddie Wilkinson estatubatuarrei bestea, Saser Kangri II mendian (7.518) irekitakoagatik.

Sarituek alpinismoaren belaunaldi bi ordezkatzen dituzte. Gazteak dira Strazar eta Marcic; beteranoak Richey, Swenson eta Wilkinson. Alpinismoak indar handia du Eslovenian, eta herrialde hartatik irten dira azken urteetako mendizale indartsuenetako asko: Marko Prezelj, Tomasz Humar... Haiengandik edan zutenMarcicek eta Strazarrek, eta Karakorumgo jarduera interesgarrienetakoa osatu zuten K7 mendi dotorean:1.600 metroko bidea eta eskalada alpinoa eta teknikoa, altuera handian eta estilo arinean egindakoa.

Esplorazioaren bidetik jo zuten Mark Richeyk, Freddie Wilkinsonek eta Steve Swensonek. Udan joan ziren Indiara eta igo gabe zeuden mendirik garaienen artean bigarrenera igo ziren: Sasser Kangri II. Lehenengo igoera izatea, estilo alpino klasikoan igotzea eta eta talde lan politean joatea balioetsi dute. Finean, lehiaketa baztertu, eta alpinismoaren balioak nabarmentzea eta zabaltzea baitu xede Urrezko Pioleta sariak. Sei jardueren artean aukeratu du epaimahaiak, eta aukeraketan parte hartu du Alberto Iñurrategik, epaimahaiko kide gisan.

Ibilbidearen saria, Paragoti

Orainari ez ezik, iraganari ere begiratu diote. Laugarren urtez, ibilbidea saritzeko Atzera Begirako Urrezko Pioleta banatu dute Chamonixen, eta Robert Paragotek jaso du aurtengoa. Haren aurretik, Walter Bonattik, Reinhold Messnerrek eta Doug Scottek jaso zuten. Akaso, hiruko haren osperik ez du Paragotek, baina badu ikurra jasotzeko merezimendurik. 1970eko urteetan Muztagh dorrera, Jannura, Huascaranera-eta igo zen, eta Makaluko mendebaldeko pilarera frantziarrek 1971n egin zuten espedizioan parte hartu zuen. Esker onez hartu du saria Paragotek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.