Udazkenak aurrera egin ahala, bukatzen ari da mendi lasterketen denboraldia. Igandean jokatu zen Euskal Kopako azken proba, Zumarraga-Urretxuko Hiru Gurutzeen lasterketa (Gipuzkoa). Eguraldia lagun izan zuten lasterkariek, eta 24 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrenak Ionut Zinka eta Izaskun Zubizarreta izan ziren. Zinkaren atzetik Imanol Goñi eta Jabi Olabarria helmugaratu ziren. Emakumeetan, berriz, Nerea Amilibiak eta Elena Calvillok osatu zuen podiuma.
Irimo eta Izazpi mendietan gora, ordea, Euskadiko mendi lasterketen kopa ere erabaki zen. Bost lasterketek osatu dute aurtengo egutegia: Arratzu-Urdaibai, Bidarrai, Lezama, Olazagutia-Urbasa eta igandeko Goierri Garaia. Lasterketetako emaitzak aintzat hartuta, Walter Becerrak eta Aitziber Ibarbiak irabazi dute kopa. Becerrak Bidarraiko eta Lezamako lasterketak irabazi zituen, eta denera 519 puntu bildu. Harekin batera, Aritz Kortabarriak eta Aitor Condek osatu dute podiuma, 488 eta 487 punturekin.
Estuagoa izan da emakumeen kopa. Igandeko lasterketaren aurretik txikia zen Aitziber Ibarbiaren eta Montse Vazquezen arteko aldea. Vazquez 4. helmugaratu zen Zumarraga-Urretxun eta 5. Ibarbia. Azkenerako, Ibarbiak jantzi zuen txapela, 519 punturekin —515 bildu ditu Vazquezek—. Podiuma Ana Carcamok osatu du, 462 punturekin.
Mendia. Mendiko lasterketak
Walter Becerrak eta Aitziber Ibarbiak irabazi dute lasterketen Euskal Kopa
Zumarraga-Urretxun jokatu zen kopako azkena, igandean; Zinka eta Zubizarreta izan ziren azkarrenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu