«Bisitarien %80 zeharka iristen zaizkigu»

Egun «onetan», hamar milioi bisitari izaten ditu digitalean 'The Washington Post'-ek. Dena den, diru sarrera gehienak paperetik lortzen ditu. Garcia-Ruizek dio sarrerek hainbat bidetatik heldu beharko dutela.

JAVIER BLASCO / EFE.
urtzi urkizu
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
1987an kiroletako kazetari hasi zen The Washington Post-en Emilio Garcia Ruiz (Washington, AEB, 1961). Beste egunkari batzuetan lan egin, eta 2001ean itzuli zen Post-era. Jeff Bezosek (Amazon) egunkaria erosi aurretik izendatu zuten webgunearen zuzendari, 2013an.

2015ean, The Washington Post-en webgunearen bisitariak %65 ugaritu dira. Nola lortu duzue?

Duela hamar urte, batetik, atari digitalak zeuden, eta, bestetik, egunkari tradizionalak. Urteotan digitaletatik ikasi dugu, eta haiek guretik ikasi dute. Hedabide digitalen taktikak ikasten ari gara, audientzia irabazteko. Beste egunkari batzuekin alderatuta, teknologian adituak integratu ditugu erredakzioan. Kazetariekin batera lanean 60 ingeniari informatiko ditugu. Proiektu handi bat landu behar dugunean, aukera guztiez hitz egiteko modua dugu horrela. Guretzat oso garrantzitsua da sortzen dugun edukiak ondo funtzionatzea paperetik sakelako telefonoraino. Agertzen diren teknologia berri guztiekin adi egon behar dugu. Orain Snapchat-ekin [Whatsap-en gisakoak] hasiak gara. Plataforma berrietara egokitu behar dira edukiak.

Zein da gakoa sare sozialetan arrakasta lortzeko?

Estrategia bat behar da Facebookerako eta beste bat bilatzaileetan goiko postuetan agertzeko. Artikulu bat hartu, eta pentsatzen dugu zein den haren zabalpen egokiena. Sare sozialetarako, titulu zoragarriak idatzi behar dira. Titulu ona idazten baduzu, gerta daiteke irakurleak artikulua bera irakurri gabe partekatzea. Googlerako, garrantzitsua da artikuluak goizean argitaratzea, 06:00etatik 09:00etara.

Eta webgunearen azalean?

Bisitarien %80 zeharka iristen zaizkigu.. Ondorioz, www.washingtonpost.com helbide nagusia ez da lehen bezain garrantzitsua. Azala baino garrantzitsuagoa da artikuluaren orria. Artikulu bakoitzak azal bat bezalakoa izan behar du, eta jendeak gurekin gelditu behar du. Audientzia digitalak analisi gehiago duen idazketa nahi du. Badaude artikuluak idazteko moduak digitalean ondo funtzionatzen dutenak eta paperean ez hainbeste. Gauza zailak esplikatzen dituzten artikuluekbikain funtzionatzen dute sarean.

Gaur egun, papereko irakurlea eta sakelako telefonokoa gogobete behar dira aldi berean.

Bai, hala da. Ezin dugu plataforma bakar bat ere alde batera utzi. Oraindik, gure diru sarrera gehienak paperezko egunkaritik datoz.

Sarrerak lortzeko zein bidetan egingo duzue lan etorkizunean?

Sarreraren parte bat publizitatetik iritsiko da, beste parte bat harpidetzetatik, beste bat ekitaldietatik, eta forma berriak ere bilatu beharko ditugu. Harpidetza digitalak AEBetan pixkanaka ari dira funtzionatzen, baina ez gastu guztiei aurre egiteko moduan. Gero eta gehiago, ordainpeko moduak sortzen ari dira digitalean. Ikusiko dugu ea digitalean lortu dugun audientzia handi horretatik gero eta gehiagok ordaintzen duten.

Zeintzuk izango dira gakoak egunkariek iraun dezaten?

Gako asko daude. Lehen kontua da ahalik eta kazetaritza onena egin behar duzula. Inork ez duen informazioa lortu, eta ikertu egin behar da. Kazetaritza hori da balioa duena. Bigarren kontua da ulertzea gizakia nola komunikatzen den gaur egun. Erabateko iraultza batean gaude, eta aurkitu behar dugu non dauden komunikatzeko sistema berriak. Sare sozialak funtsezkoak dira; oraindik asmatu ez diren sare sozialak ere oso garrantzitsutzat jotzen ditut. Teknologia berrietara irekita egon behar dugu, beti baitago zerbait berri. Iazkoa 360 graduko bideoen urtea izan zen, eta aurtengoa errealitate birtualarena izango da. Ikusi behar dugu guretzat baliagarriak diren, eta esperimentatu.

Jeff Bezosek esan du arriskutsuena ez eboluzionatzea dela.

Berak pista eman digu, eta hegazkinak hegan egin behar du. Modua aurkitu behar dugu dirua izan dezagun eta gure ogibideak etorkizuna izan dezan. Kazetaritzak etorkizuna du, baina ez dakigu zein izango den horri eusteko eredu ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.