Oihartzun handia izan du Mediapro ekoizpen etxearen '20-S' dokumentalak. 982.000 lagunek ikusi zuten atzo gauean Katalunian. TV3ek Interneten jarri du ikusgai lana —Hego Euskal Herrian ere ikusteko modua izango da, hamar egunez—.
Sare sozialetan askotariko iritziak sorrarazi zituen dokumentalak; 121.000 txio baino gehiago idatzi dituzte ikusleek #20STV3 traola erabiliz eta trending topic izan da —9,7 milioi inpresio izan ditu—. Gaur ere estreinaldiaren haria jarraipena izaten ari da.
Jaume Roures Mediaproko presidenteak ekoitzi eta zuzendu du lana. Kataluniako komunikabideetan artikulu ugari idazten ari dira egunotan lanaren inguruan. Vilaweb atariak dokumentalaren zati esanguratsunenak aztertu ditu, zatika.
Dokumentalak iazko irailaren 20an Bartzelonan gertatu zena jasotzen du. Agerian uzten du Jordi Cuixart (Omnium) eta Jordi Sanchez (ANC) —urritik preso daude biak— manifestariei etxera joaten eskatzen aritu zirela, eta ahaleginak egin zituztela guardia zibilek eta epaitegiko idazkaria arazorik gabe atera zitezen. Hain zuzen ere, Juan Pablo Llarena epailearen autoek matxinada delitua leporatu zieten Cuixarti eta Sanchezi.
BERRIAk EITBri galdetu dio ea dokumentala emateko asmoa duen. EITBko iturriek erantzun dute ez dagoela erabakirik hartua horren inguruan.