Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira aurten Euspot lehiaketara: 73. Horietatik 47 izan dira 18 urtetik beherako neska-mutikoek egindakoak, eta 26 izan dira 18 urtetik gorako egileenak. Gaur arratsaldean egin dute sariak emateko ekitaldia, Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta iragarki onenaren saria (1.000 euro) bi lanek partekatu zuten: Nora Latatu Landaluzeren Gizaki programatuak eta Andoni Martinez de Madinaren, Ieneko Ruiz de Azuaren eta Iratxe Agileraren Sare sozialekin liorik ez. Aurten hautagaiek landu behar zuten gaia Irudi digitala gure bizitzako harremanetan izan da. Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarki onena ere eraman du Lataturen Gizaki programatuak lanak.
[youtube]https://youtu.be/Oh4SwuJA1ak[/youtube]
Publikoaren saria Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago bideoarentzat izan da. Egileak Danel Charro, Oihana Benito eta Lierni Castilla dira, eta 2.000 boto baino gehiago jaso dituzte.
14-18 urte arteko neska-mutikoen lanentzat BHklip saria eman ohi dute, eta aurten Oihan Loiti Iraolaren Izan zu zeu, baita digitalean ere iragarkia izan da garailea.
Musika sinkronizazio onenaren saria Deskonektatu konektatzeko bideoarentzat izan da, iragarkiaren musika egokitasunagatik eta originaltasunagatik. Egileak Lorea Otadui, Markel Bazanbide eta Beñat Abasolo dira.
Zazpigarren urtea da Euspot lehiaketa antolatzen dutena. Antolatzaile nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia da, Aretxabaletako Udalaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi ikastolaren (Arrasate, Gipuzkoa), Arteman publizitate agentziaren eta MusicLibrary webgunearen laguntzarekin. Antolatzaileek nabarmendu dute parte hartze kopuruan eta kalitatean «igoera nabarmena» izan dela aurten. Iaz baino 22 lan gehiago aurkeztu dira, eta horren arrazoien artean dago ikasketxeetan egindako lanketa berezia. Antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskaini dituzte ikastetxeetan zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Publikoaren sarirako boto ugari eman dituzte azkeneko asteetan.
Sare sozialetan lehiaketak izan duen oihartzunarekin ere pozik daude antolatzaileak. Izan ere, jarraitzaile kopurua bikoiztu egin da azkeneko urtean. Instagramen kontua estreinatu dute, eta sare sozial horretan zein Facebooken zozketak egin dituzte.