54. Durangoko Azokaren baitan, Landako gunearen aldamenean, Ihesaldia telesaila aurkeztu du gaur ETBk. 1976an Basauriko (Bizkaia) kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera oinarri hartuta, bost ataleko fikzioa egin du Pausoka ekoiztetxeak.
Jabi Elortegik zuzendu telesaila, eta aktoreen artean Aitor Borobia, Jon Ander Alonso, Xabi Jabato Lopez, Iñigo Aranbarri, Xabier Perurena, Nerea Gorriti eta Miren Arrieta daude.
Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, "kontakizun askea "
1976. urtean, Basauriko kartzelako preso talde batek bertatik ihes egiten zutenaren itxura egin zuen. Inor ez zen ohartu teilatu azpiko ganbara txiki batean zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Egiazko gertakizun horiek oinarri hartuta, kontakizun askea sortu dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dituzte, eta protagonisten izenak ere aldatu egin dituzte. Basauriko kartzelan dauden bost presok ihes egin dutela sinestaraziko diote mundu guztiari. Haatik, asteak pasako dituzte teilatu zuloan ezkutatuta, egunez lo eginez eta gauez tunela zulatzen. Ihesaldian saiatuko direnen artean, ETAko bi kide daude, PCE(r)-ko militante bat eta bi preso komun.
Egiazko gertakizun bat oinarri hartuta, istorioan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi dituen ETAren zuzendaritzaren presioa; ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina; eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa tartekatuko dira bost ataletan.
Durangoko aurkezpenean, Edu Barinaga ETBko zuzendariak esan du "fikzio sozialaren" aldeko apustua dela Ihesaldia-rena, baita etorriko diren hurrengo proiektuena ere. "Gure herriarekin, gure gizartearekin eta gure historiarekin lotuta dagoen fikzioa egingo dugu: errealitate hurbilarekin lotua dagoen fikzioa". Ihesaldia benetako gertaeretan oinarrituta dagoen arren, "bere lizentziak" dituela aitortu du Barinagak. "Itxaropentsu gaude, eta espero dugu ikusleek hilaren 15etik aurrera erantzuna ematea". Gaur egungo ikus-entzunezko joeren eraginez erabaki du ETBk bost atalak errenkadan ematea. Telebistako estreinaldiaren ostean, hilaren 19tik aurrera EITBren webgunean bost atalak ikusteko aukera egongo da.
Jon Ander Alonso aktorea pozik mintzatu da, Ihesaldia-n parte hartzeko aukera izan duelako: "Prozesua oso aberasgarria izan da, tarteka oso gogorra ere bai. Esperientzia polita izan da guztiontzat. Sekulako giroa izan dugu lantaldean, eta nahiz eta hilabete luzeko maratoia izan dugun, gure artean primerako giroa egon da. Ikusteko gogoz gaude".
BERRIAk Edu Barinaga ETBko zuzendariarekin egindako elkarrizketa argitaratuko du bihar.