2021ean ez, baizik eta 1804. urtean da egunotan Pasaiako portua (Gipuzkoa). Alejandro Amenabar zinemagilearen La Fortuna telesail historikoaren lantaldea Pasaian da zenbait eszena grabatzeko. Gaur hasi dituzte grabaketak, eta hurrengo hiru egunetan jarraituko dute, segurtasun neurri handiak tartean. Pasaiako porturako sarbidea murriztuta dago.p>
Aste honen hasieran, XIX. mendeko itsasontzi bat iritsi zen Pasaiako badiara, herritar askoren harridurarako. Telesailerako erabiliko duten itsasontzia kaian da, eta handik ez dute askorik mugituko egunotan, ahalik eta diskrezio handienarekin egin nahi dituzte-eta grabaketak. Pasaiako eta inguruko herrietako zenbait herritar, halaber, figurante lanak ari dira betetzen, XIX. mendeko jantziak soinean dituztela.
Grabaketen azken fasean sartu da Amenabarren telesaila. Iazko abuztuan hasi zituzten grabaketak, eta udaberri honetan emango diete amaiera; aurretik, Coruñan (Galizia), Madrilen, Cadizen, Zaragozan, Guadalajaran eta Zaragozan (Espainia) grabatu dute. Movistar Plus plataformaren eta AMC Studiosen arteko koprodukzio bat da, eta MOD Pictures ekoiztetxearekin ari dira egiten. Fikzioak 45 minutuko sei atal izango ditu: Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian Movistar Plusen estreinatuko dute udazkenean; Ipar Amerikan eta Latinoamerikan, berriz, AMC katean eta AMC Plus plataforman ikusi ahalko da.
Alex Ventura diplomazialari gaztearen gorabeherak dira istorioaren abiapuntua. Frank Wild piratak lapurtutako altxor bat urpean geratu da, eta Venturak altxor hori bilatzeko misio zaila gidatuko du. Funtzionario grinatsu bat eta AEBetako abokatu abenturazale bat izango ditu bidaide. Maitasuna, adiskidetasuna eta norberak sinesten duen horretan borrokatzea izango dira fikzioan azalduko diren gaietako batzuk.
Alvaro Mel aktoreak jokatzen du rol protagonista. Haren alboan daude Ana Polvorosa eta Stanley Tucci —Oscar sarietarako hautagaia izan zen The Lovely Bones filman egindako lanagatik—. Beste aktore hauek parte hartzen dute telesailean: Karra Elejalde, Clarke Peters, T’Nya Miller, Pedro Casablanc, Blanca Portillo eta Manolo Solo.
Ekoizleak Fernando Bovaira (MOD Pictures) eta Domingo Corral (Movistar Plus) dira. Azken horrek idatzi ditu gidoiak, Alejandro Hernandezekin batera. Koldo Zuazua produkzio lanetan ari da; Movistar Pluseko beste ekoizpen batzuetan parte hartu izan du aurretik —La peste telesailean, esaterako—.
La Fortuna Amenabarren lehen telesaila da, baina ez Movistar Plus plataformarentzat zuzentzen duen aurreneko lana. Duela bi urte Mientras dure la guerra filma egin zuen konpainia horrekin. 2019ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten pelikula. 1936ko udan girotuta, Miguel Unamuno idazlearen bizitzako azkeneko hilabetean eta frankisten altxamendua dira pelikularen ardatza. Movistar Pluseko harpidedunek filma ikusteko aukera dute, noiznahi.