Donostiako Zinemaldia

'Zurriolako butaka', sei hedabideren elkarlanaren fruitua Zinemaldian

Donostiako Zinemaldian parte hartuko duten euskal ekoizpenen berri emango du aurten ere Zurriolako butaka saioak. Ostiralean hasi eta hilaren 28ra arte, BERRIAk egunero emango du saioa webgunean, 19:00etan.

Ines Arrue
2019ko irailaren 17a
16:43
Entzun

Hemen da, berriro ere, Zinemari eskainitako euskarazko telebista bakarra. Bada, saioa Irutxulo-ko HitzaGaztezulo eta BERRIA hedabideen webguneetan, Zinea.eus atarian, eta Hamaika nahiz Kanaldude telebista kateetan ikusi ahalko da. Egunero 19:00etan zabalduko dute saioa Internet bidez; Kanaldudek, berriz, 20:00etan emango du, eta Hamaikak, 22:00etan. Horrez gain, #Zbutaka traola erabiliko dute saioko kideek beren jarduna sareetan zabaltzeko.

Euskal Herrian zazpiak bat, eta Donostiako Zinemaldian zazpiak bat: euskarazko sei komunikabideren eta zinemazaleen elkargune izango da Zurriolako Butaka saioa. Kanalduderen baturarekin, taldea osatu eta kalitatezko aurrerapausoa eman zuten iaz, eta bide horretan jarraitzea izango dute aurten asmo nagusia: euskal ekoizpenetan buru-belarri lanean ari diren profesionalei zein sortzaileei ahotsa ematea, taxuzko programazio fresko eta erakargarri baten bidez.

Anabel Arraizak aurkeztuko du saioa bigarrenez, eta askotariko gonbidatuak hartuko ditu Kursaal jauregiaren behealdeko gure platoan. BERRIA taldeko Urtzi Urkizu izango du lagun, aurten platoan izango baita, egunero kazetari, kritikari edo bestelako lagunen batekin, Zinemaldiaren bidea nolako izaten ari den azaltzeko.

Beren jardunari estuki lotuta, sare sozialen bidez zabaltzeko eduki arin eta informalen aldeko apustua egingo du Gaztezulo aldizkariak. Gazteek ere beren tokia topatuko dute horrela Zinemaldiaren zurrunbiloan.

Irutxuloko Hitza-k, ostera, donostiarren Zinemaldia ekarriko du lehen lerrora euskal zinemaren erakusleiho izango den saioan. Hiriko profesionalak oinarri hartuta, 67. ean protagonista izango diren hainbat gai eta proiekturi eutsiko diote.

Aurkezpen saioan izan ez badira ere, oinarrizkoa izango da Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Kanaldude telebistako lagunen ekarpena. Hiru lagun arituko dira egunero programaren ekoizpen lanetan, eta, gainera, atal berri baten estreinaldia iragarri dute: Zinetika. Zinemaldiak sortzen duen burbuila handia ibilarazten duten pertsonen itzaleko lana erakustea izango da atal honen xedea: izan pantaila gibeleko lanak, eszena gainekoak… Finean, Zinemaldia barnetik bizi izateko aukera eskainiko dute egunero.

Euskal zinemagintzaren ekosistema aberatsean jarriko dute fokua Zinea atarikoek. Aurrez egin ohi izan duten bezala, bideo elkarrizketa eta pilulatxo laburren bidez gerturatuko dizkiote publiko zabalari sortzaileen zein profesionalen adierazpen eta bizipenak. Besteak beste, Izibene Oñederra ilustratzaile eta zuzendaria, Iñaki Gomez ekoizlea, Loic Legrand zinemagilea… Horrez gain, Sara Hernandez Askasibar kritikaria izango da platoan, filmak iruzkintzen egingo duen lanaz gain, aurten Irizar Saria banatuko duen epaimahaiaren parte ere izango baita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.