Juan Luis Arsuaga. Atapuercako zuzendarikidea

«1,2 milioi urteko masailezur hori 'erectus' batena izango da»

xabier martin
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Juan Luis Arsuagak (Madril, 1954) Atapuercarekin lotu du bere izena betiko. Nazioartean eztabaida zientifikoaren eragile handienetakoa da paleoantropologian; hitzez eta ekintzez, egunotan Haitzulo Nagusian baitago hango indusketa zuzentzen.

Atapuerca da berez Afrikakoak diren datazioak eman dituen leku bakarra Europan, milioi bat urtetik gora. Hori zeresan handia ematen ari da.

Hala da. Ez dago besterik. Hemen 420.000 urteko datazioak egitea ez da apartekoa. Haitzulo Nagusian, esaterako, badugu horrelakorik. Ulertzen dut besteen harridura, baina horrela da. Pleistozenoaz ari gara. Hemen ari garen sisteman H. antecessor-etik H. neanderthalensis-erako ibilbide osoa dugu. Atapuercan historiaurrearen eboluzio osoa daukagu ikertzeko.

Zer diozu milioi bat eta laurden urteko fosilaz?

Masailezur hori Homo erectus batena izango dela, edo erectus baten antzeko batena behintzat; baina hori Juan Luis Arsuaga ari da esaten, ez Atapuercako zuzendaria.

Datazioak egiteko zailtasunak onartu dituzu; hain zuzen, datazio horien zorroztasuna inork zalantzan jarri izanak mintzen zaitu?

Ez, eztabaida gutxi egon delako, eztabaida zientifikoa batere ez. Gu jarri gaituzte zalantzan, aztarnategi hau delako munduko erreferentzia nagusia. Datazioak erabateko zorroztasunez egitea zaila da, bai, baina hemen egingo bagenu, beste aztarnategi batzuk hobeto datatzea ere posible litzateke, gu baikara erreferentzia. Baina 400.000 urteko fosilak edo 480.000 urtekoak diren ez da hainbesterako, zenbat urteri buruz ari garen kontuan hartuta. Xehetasunak dira, baina xehetasun horiek ez dira gai eztabaida eragiteko.

Izan ere, Atapuercan soberan duzue antzinatasuna.

Bai horixe. 1,2 milioi urte; 900.000 urte, 800.000 urte; 500.000 urte... fosil izugarri zaharrak aurkitu ditugu. Ez gaude kezkaturik, benetan. Hezurren Leizea giza fosil gehien eman duen aztarnategia da arkeologiaren historian. Hori horrela da. Homo sp, H. antecessor, H. heidelbergensis eta H. sapiens fosilak ditugu, eta aurki azalduko dira H. neanderthalensis-enak, hominidoen eboluzio osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.