Galerna 1912-2012. Horixe da aurten Bermeon (Bizkaia) ospatzen diharduten XVIII. Arrain Azokaren kartelaren izenburua. 1912. urteko abuztuan galerna bortitz baten ondorioz hil ziren 141 arrantzaleak omendu nahi izan ditu Bermeoko Udalak ezbeharraren mendeurrenean.
Arrantza du ardatz azokak, eta atzo egin zioten hasiera ofiziala.Bermeoko jarduera ekonomikoan arrantzak duen garrantziaz gogoraraztea da Arrain Egunaren xede nagusia. Horretarako, arrantza eta itsasoarekin loturiko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte gaur eta bihar.
Arrain Azoka orotan bezala, aurtengoan ere Hegaluze saria banatu dute. Bermeo kanpoan ezagutarazten lagundu duten elkarte edo pertsonak saritzen ditu. Atzo bi abesbatzak omendu zituzten, Izaro eta Bermeo.
Arrain salmentak nola egiten diren zuzenean ikusi ahal izango dute herriko Kofradia Zaharrean biltzen direnek. Arrain salmentaren itxurak egingo dituzte gaur, 11:30ean, 13:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Bihar, berriz, 11:30ean eta 13:00etan.
Halaber, Urpeko Zinemaren Zikloa emango dute Nestor Basterretxea aretoan. Lehenengo saioa gaur izango da, 11:00etan. Bigarrena, berriz, 18:00etan. Doan ikusi ahal izango dira emanaldiok. Bihar ere izango dira itsasoari buruzko emanaldiak, 11:00etan.
Arrain dastatzea
Urteroko moduan arrain freskoa dastatzeko aukera izango da Lameran ipiniko duten karpan. Gaur eta bihar, eguerditik 17:00etara bitartean dastatu ahal izango da arrain freskoa jantoki karpan.
25 erakusmahaietan, kontserba enpresetako eta beste itsasoko produktuak jarriko dituzte salgai. Horietan bokartari eskuz egiten dioten tratamendua ikusi ahalko da. Gainera, itsasoak dituen egungo arazoak erakusten dituen Egun bat arrantzan erakusketa ikusi ahal izango da.
Horrez gain, antxoari buruzko gida bat aurkeztuko dute, kontsumitzailearentzat. Azti zentro teknologikoak egin du gida, eta antxoaren arrantza, kontsumoa eta arrain hori prestatzeko egin daitezkeen errezetak erakutsiko ditu.
Fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak... ibiliko dira kalez kale asteburuan. Eta gaztetxoenek ere ondo pasatzeko aukera izango dute. Haur eta Gazteen Txokoa irekita egongo da gaur eta bihar. Gaurko egunari amaiera emateko Habanerak kantatuko dituzte frontoian, 22:00etan.
Umeen marrazki lehiaketa egingo dute bihar, 11:00etan. 14:30ean banatuko dituzte lehiaketaren sariak karpan. Pilota partidak ikusteko aukera ere izango da, 11:00etan, herriko frontoian.
1912ko galernaren mendeurrena gogoratuko dute Bermeon
Itsasoarekin loturiko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bermeoko Arrain Azokaren karietara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu