Gaur, San Tomas; bihar, loteria eguna, beraz. Abenduaren 22a, Espainiako Loteria Nazionalaren Eguberrietako ezohiko zozketa. Zenbat euskal herritar egun horri begira; tira, beren zenbakia noiz aterako, ontzi erraldoian dauden bolatxoei begira —ados, baten bat egongo da ume zerutiar horiei begira ere—.
Ez, benetan, gauza serioa da Eguberrietako loteria. Eta horregatik eskaini diote euskal telebista publikoan ia ordubeteko dokumentala, astelehen gauean: Si me toca el gordo, informatiboetako aurkezle Igor Siguerok suelto gidatzen duen saioa. Pentsa, batez beste, 85 euro xahutzen dute loterian euskotarrek —«cada vasco», esan zuten; vasco-navarro izango ote? Vasco-vasco? Iparreko inork erretzen du dirua espainolen zera batean?—. A, baina argigarria izan zen oso dokumentala. Hiru galdera erantzun nahi zituen: zer egingo genuke loteria tokatuko balitzaigu? Zer aukera erreal dugu saria eskuratzeko? Eta zenbat dezimo beharko genituzke lana utzi ahal izateko? Lehenari erantzuteko, dena zen luxua: luxuzko zapatak, luxuzko erlojuak, luxuzko etxeak, autoak. Galdekatutako guztiek zuten zerbait buruan: bidaiak, opariak, txoriak. Eskerrak ez zen gure Carballoko galego maitea agertu, «a Benalmádena y después a putas» ohiuka —YouTuben daukazue ikusgai—. Bigarren erantzunak desesperantza gehixeago sortu zigun, ezer irabazteko aukera urria baita oso: bat 100.000ren artean, %0,001 alegia. Grafikoki erakutsi ziguten: 2 kilo dilistaren artean ale bat aurkitzea bezain zaila—edo erraza— dugu kontua. Erabat etsi gintuen erantzuna, ordea, hirugarrena izan zen, are sari potoloa bitan eskuratu duen beasaindarra ikusi ondoren —karraskatua, soildua, zurtua—; saridunen %90ek dena edo ia dena galtzen dute hamar urteren buruan. Aditu baten aholkuan, onena litzateke lanean jarraitzea; lasaiago, baina lanean. Hara bestea.
Horraino dokumentala. Gero jakin dugu notizia: 2011ko urriaren 20a Espainiako Eguberrietako loterian zorte ona erakartzeko zenbaki bihurtu da. Bai, bai, 20.101 zenbakidun txartela izan da gehien salduen artean lehenetakoa. Arrazoia igarriko zenioten. Eta batek jada ez daki zer egin: negar, barrez lehertu —ekintza armatua izan gabe, noski— edo, korrika eta presaka, loteria dezimo bat —berdin dio zein, ez da superstiziosoa— erostera joan. Zotzak botatzea izango dut onena.
Komunikazioa. Ekografiak
20.101
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu