Argi Aldian

2011. urtea, kimikaren urtea

Marian Iriarte.
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sartu berri garen 2011. urtean Kimikaren urtea ospatuko omen da. Ospakizunak gehienetan positiboak izan daitezkeen arren, gai, arazo, talde jakin bati urte bat egokitzea ez da oso seinale ona. Gehienetan merezi duten garrantzia edo ohorea ez duten jakintzagaiak hartzen dira kontuan, edo arazo larriak jasaten dituzten kolektiboak, edo kinka larrian dauden proiektuak….

Oraingoan kimikari egokitu zaio. Bizi garen mundu aurreratu eta teknologikoan hainbaten ustez zientziak eta teknologiak garrantzi gehitxo daukate, baina barkatu nire ezadostasuna agertzea. Hezkuntzan gabiltzanok azkenengo urteetan ikasketak aukeratzeko garaian egon diren aldaketak gertutik ikusi ditugu. Garai bateko betiko jakintzarloen aurrean, hainbat eta hainbat ikasketa berri agertu dira, eta hori oso egokia eta komenigarria baldin bada ere, ezin dira oinarrizko jakintzagaiak alde batera baztertu. Joera hori zientzien arloan orokorra izan da azken hamarkadan, eta punta-puntakoak diren ikasketek aurrea hartu diete betiko oinarrizko jakintzagai zientifikoei. Joera hori ez da soilik gure artean zabaldu; Europa mailan ere, antzeko aldaketak sumatu dira. Hor ditugu ikasketa eta jakintzarlo berriak, bioteknologiak, nanoteknologiak… Epe motzean bigarren hezkuntzako ikastetxeetan beharrezkoak izango ditugun matematikari, fisikari, kimikari eta abar lortzeko arazoak egon daitezke. Baina gaurkoan ez nuen joera orokor horren inguruan aritu nahi soil-soilik. Kimikaren kasuan zera azpimarratu nahi nuke: ikasleen gogoko ez izatea gauza bat da, eta bestea, berriz, kimikarekin lotura duen edozer gaizkitzat, pozoitsutzat, kaltegarritzat ikustea.

Eta hori zergatik ote?

Gure hirietako kaletar arruntari kimikaren inguruko zerbait irudikatzea eskatuko bagenio, ziurrenik kutsadurarekin, istripuekin, leherketekin eta abarrekin lotutako irudia azalduko luke. Eta badira horretarako arrazoiak. Urteetan hainbat industria eta enpresatan egondako kontrolik ezak astakeria galantak egiteko aukera eman dio industria kimikoari. Baina kimikak, edo hobeto esanda, gizakiak egindako kimikak eragindako kalteak nork konponduko ditu? Kimikak berak. Duela urte batzuk Antartidan antzemandako ozonoaren geruzaren zuloa konpontzeko kimikara jo behar dugu. Zientzialariek geruza horren mehetzea zerk eragin duen aurkitu ahal izan dute; CFC izeneko konposatuak geruzaren mehetzearen eragileak zirela ikertzeagatik Nobel saria jaso zuten, 1996an. Arazoaren arrazoia zein den jakiteak arazoa bera konpontzeko aukera eskaintzen du, eta gizarte modernoan hainbat eta hainbat aplikazioetan hain erabiliak izan ziren CFCak beste osagai batzuez ordezkatu dituzte.

Kimikaren helburuak nagusiki hauexek dira: mundua osatzen duten substantzien izaera ezagutzea, substantzia horiek sintetizatzeko gai izatea, substantzia berriak sintetizatu ahal izatea, eta kopuru handitan ekoiztea baliagarriak izan daitezen.

Askotan aurrez aurre jarri izan dituzte naturala eta sintetikoa, osasungarria eta kaltegarria… eta hori ez da zuzena. Naturan agertzen diren produktu asko bere horretan hartzea egokia baldin bada ere, zer egin joan den mendeetan Ameriketara iristeko hilabeteetako bidaiak egiten zituzten marinelen bitamina ezaren aurrean? Gizakiak produktu naturalen printzipio aktiboak laborategian sintetizatu ditu, eta hori aurrerakada nabarmena izan da. Aspirina sendagai ezaguna Salix alba i zuhaitzaren familiako arbolen enborretatik lor zitekeen era batean edo bestean, baina 1830 inguruan 30 gramo salizilina lortzeko 1,5 kg enbor erabiltzen ziren, eta zorionez Hoffmanek XIX. mendearen bukaeran laborategian az. azetilsalizilikoa sintetizatzea lortu zuen.

Urte honetan kimikaren izena txukunduko ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.