Urteberri egunak urtero uzten ditu gisa bereko irudiak. Ohituretan sustraitutako ospakizun eguna izaten da urtarrilaren 1a; eta usadio horiek nolakoak, halakoak izaten dira bateko eta besteko ongietorri festak, nola Euskal Herrian, hala munduan.
Vienako orkestraren Urteberriko kontzertua izaten da ekitaldi ezagunenetakoa. Aurtengoak badu berrikuntzarik; Piotr Txaikovskiren bi pieza sartuko dituzte errepertorioan, estreinakoz. Erroman, berriz, Tiber ibaira Cavour zubitik jauzi egiten duten igerilariena izaten da urteroko irudia. Milaka ikuslek jarraitzen dituzte adi-adi jauziak.
Su festak izango dira ekitaldi errepikatuenetako bat, eta itsaso eta lakuetan urteko lehenengo bainua hartuta hasiko dute beste askok urtea. Gorri koloreko txanoa jantzi, eta Legeveld laku izoztuan barneratuko dira bihar goizean Wierdenen (Herbehereak).
Hirietako eraikin esanguratsuenak argiz janztea izaten da beste tradizioetako bat; Parisko Eiffel dorrea, New Yorkeko Times Square... Australiako udaren berotik abiatu, Japonian, Txinan, AEBetan eta Brasilen jarraitu, eta Europako herrialdeetan bukatu, asmo eta desio onak opatuz sartuko dira horietan guztietan 2012. urtean.
2012ari ongietorria emateko urteroko tradizioak
Altueratik jauzi egiten, bainua hartzen, Vienako orkestra entzuten... 2012a ohiko legean hasiko dute munduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu