Shigeru Miyamotok sortutako frankiziak, gainera, beste edozeinek baino gehiago saldu du. Duela 25 urte kaleratutako abentura da, hain zuzen ere, inoizko bideo jokorik salduena: NES bideo kontsolarekin batera, 40 milioi ale baino gehiago saldu ziren mundu osoan. Baina bibotedunaren arrakasta askoz haratago doa. Edozein kontsolarako gehien saldutako hamar jokoen zerrendan Marioren beste lau abentura daude: New Super Mario Bros (NDS), Mario Kart (Wii), Super Mario World (SNES) eta Super Mario Bros 3 (NES).
Orotara, plataformen erregeak 240 milioi bideo joko baino gehiago saldu ditu. Are garrantzitsuagoak dira emaitzak, belaunaldi berriko kontsolen software salmentekin alderatuz gero. Izan ere, Playstation 3rako jokorik salduenek, Gran Turismo 5 Prologue eta Call of Duty 3, bosna milioi ale saldu dituzte.
Saltzaile bikaina ez ezik, berritzailea izan da Mario. Bere lehenengo abenturekin plataforma jokoen oinarriak ezarri zituen Miyamotok eta, 90eko urteetan, gauza bera egin zuen benetako hiru dimentsioetan mugitzen zen lehen bideo jokoarekin: Super Mario 64. Japoniarrak aitortu du aurrerakuntza teknologiko guztiak baliatu dituztela istorio berri bakoitzarekin. Berea ez ezik, «adimen ugari elkarlanean» aritzearen emaitza izan dira guztiak.
Plataformetan ez ezik, askotariko joko motetan murgildu izan da Mario urteotan guztietan. Hianbat kiroletan aritu da (Mario Golf, Mario Power Tennis, Mario & Sonic Olympic Games), kart pilotua izan da (Super Mario Kart), borrokan egiten ikusi dugu (Super Smash Bros, Mario Party), Rol jokoak menderatu ditu (Mario RPG), artista izatera heldu da (Mario Artist) eta unibertsoan zehar bidaiatu izan du azkenaldian (Super Mario Galaxy 2). Ez dago, beraz, bideo jokoen munduan iturgin honek egin ez duenik, eta guztietan izan du harrera bikaina.
Adiskide eta arerio ugari
Mariorekin batera abenturaz abentura ibili diren pertsonaiak ere aski ezagunak egin dira hamarkada hauetan: Luigi anaia, Peach printzesa, Yoshi herensugea eta Toad adiskidea. Bowser arerioa ere bideo joko batetik bestera eraman du heroiak, eta badirudi ez duela behin betiko garaitu nahi. Honen seme-alabak ere behin baino gehiagotan gainditu behar izan ditu Mariok. Bestelako gaizkile batzuk ezagutu ditu, Game Boy eramangarri aitzindariko abenturetan Wario alter egoa ezagutu zuen, eta handik urte batzuetara Waluigi ere agertu zen.
Aipagarria da, alabaina, guztien aurretik Donkey Kong gorila izan zela Marioren lehenengo etsaia, pertsonai gisa jaio baino lehen, 1981ean. Jump Man bataiatu zuten orduan eta handik bi urtera, 1983an, Mario Bros jokoa jolas aretoetara heldu zen.
Hainbeste arrakastaren artean, zoritxarreko abentura bat behintzat izan du Nintendoren seme kuttunak, zinemagintzan eginiko saiakerarena, hain zuzen. Gero eta gehiago dira zinema pantailetara eramaten dituzten bideo jokoak, baina 90eko hamarkadan ez zen batere ohikoa halakorik egitea. Honetan ere aitzindari izan zen iturgina, 1993an Bob Hoskins aktoreak hartu baitzuen Super Marioren rola pantaila handian. Emaitza, alabaina, kaskarra izan zen, zine kritikoentzat eta bideo joko zaleentzat. Japoniatik kanpo sortutako Marioren lehen produktua zen filma -Amerikako Estatu Batuetan ekoitzi zuten-, eta porrot egin zuen.