Euskal margolaritzaz liburu bat kaleratu ondoren, eskultoreez interesatzea logikoa egin zitzaion Michel Jauregiberriri, eta horra hor, nonbait, Euskal zizelkariak / sculpteurs basques liburuaren abiapuntua: «Jakinez, gainera, zizelkaritza Euskal Herrian margolaritza baino indartsuago eta enblematikoagoa dela, tradizioan biziki barneratua baita».
Emaitza 240 orriko liburu mardula da, argazki handi eta ederrek hornitua, baita zenbait artistarekin iragan orduetatik, eta hainbat libururen irakurketatik jalgi jakintzatik idatzi testuek. Ez dute biografia kronologiko bat egin nahi izan, baizik eta obrak begiratzeko proposamen bat.
Horren osatzeko, lau esku, zortzi begi eta sentsibilitate ezberdinak. Michel Jauregiberri bera, Patxi Laskarai, Gaizka Iroz eta Marc Etxeberri. Michel Jauregiberrik testuak idatzi ditu; Patxi Laskaraik eta Gaizka Irozek argazkiak egin, eta Marc Etxeberrik arteaz duen jakintza ekarri du. Laurek, eskuz esku, eztabaidaz eztabaida, hastetik buru eraman dute proiektua. Artisten hautaketa, argazkiena… maketaraino.
Izenburuak suposatzen duen anbizioaren zorroztasunarekin eraman nahi izan dute guztia. Izenburua pretentzio handikoa bada ere justuki, beren xedea ez da izan erratea: «Hau da euskal zizelkaritza, eta hor ez dagoena ez da euskal zizelkaritza». Ez dute euskal eskulturgintzaren historia egin nahi izan, ez hiztegi edo entziklopedia bat. Artistak aurkeztu, gogora ekarri eta deskubriarazi nahi izan dituzte; ahantziak izateko arriskutik urrundu.
Hogeita bost bildu dituzte orotara. Juan Antxietarekin (Azpeitia, 1533-Iruñea, 1588) hasi eta Jose Zugasti (Eibar, 1952) eskultorearekin bururatzen den zerrenda. Izan zitezkeen 80 edo gehiago, baina beti faltako zen, edozein gisaz, «81.a», Laskaraik erran bezala. Hori bai, garaikideak antzinakoak baino gehiago direla nabarmendu du Jauregiberrik: «Horien lana baloratzea nahi izan dugu. Memoria lan bat egin. Koldobika Jauregi, adibidez, Alemanian biziki ezagutua da, baina Hegoaldean ez hainbeste, eta Iparraldean, berriz, biziki guti».
Dena dela, hautuen egiteko ezinbestekotasuna argi zuten laurek. Laurek hiru urteko lanaren bidez findu ahal izan dutena: «Denborarekin ohartzen zara hasieran zerrendan sartu nahi zenituen batzuek, azken finean, ez dutela lekurik liburuan», Irozek zehazturik. Ikuspegi bat emateko. «Koherentzia bat», behin eta berriz Jauregiberrik errepikatu duena: «Mugimendu artistikoen koherentzia». Hautatu eskultorea «handia» izatea nahi dute: «Aldi berean, bere garai edo estiloaren ordezkari ere izatea nahi dugu. Figura enblematiko bat», Jauregiberriren hitzetan.
Bata besteari lotzen ahalegindu dira: «Zehaztu gabeko halako euskal zizelkaritza eskolaren koherentzia baten bidez. Mendez mende, liburuan dauden pertsona horiek zerbaitek lotzen ditu pixka bat. Belaunaldi bat bestearen oinordeko egiten duen zertxobaitek», Jauregiberrik erranik. Hau da, «euskal eskolaren xarma. Erabili materiala, adibidez, zura edo burdina. Txillida eta Oteiza elkartzen dituena».
Zertxobait hori, xarma hori zer den jakiteko, norberak bere iritzia izan dezake. Horretarako, hor ditu argazki eta idatziak. Eta Txillida eta Oteiza aipagai dituela Jauregiberrik, preseski, bi horien eragina ala ez-eragina, liburutik jalgi daitekeen beste eztabaida bat da. Funtsean, Oteiza eta Txillida liburuan daude, nolaz ez.
Liburuko artista kasik guztiekin ukan dituzten elkarrizketetan beti, nola edo hala, aipatu dute Oteiza inspirazio iturri gisa, edo alderantziz, ahal bezainbat urrundu nahian. Liburuaren egileek argi dute: Oteiza hor da, beti presente. Haren itzala handia da, «itogarria kasik», Irozen hitzetan. «Pisua da gaur egungo artista gazteen espalden gainean», Jauregiberrik aitorturik: «Horrelako monumentuak daudelarik, Oteiza edo Txillida, nazioartean ezagutuak, pentsa gure herria bezain txikia den leku batean». Halere, bata edo bestearen kopia gutxi liburukoen kasuan: «Guretzat, hori ez da hala. 2011n burdina zizelkatzeak ez du erran nahi Txillida bat egiten duzunik. Gero, bai, beharbada, definitzeko gaitza den zertxobait horren leinuan gaude, euskal zizelkaritza egiten duen zertxobait horretan». Bada ere beste eztabaida bat: zer da euskal zizelkaritza? Zizelkari bat euskaldun gisa identifikatzea, agian, batzuentzat mugatzailea izan daiteke, eta besteentzat, berriz, sustrai ezinbestekoa da.
Eztabaidak eztabaida, liburuaren egileen kasuan, garbi dutena da anitz ikasi ahal izan dutela liburua osatzean. Laskaraik dioen bezala, adibidez, lehen Oteizaren zale zen, eta uste zuen haren zale izanik ezin zuela Txillida preziatu: «Duela 25 urte bata ala bestearen artean hautatu behar zenuen. Baina ikasi dut biak gustukoak ukan ditzakezula». Gehiago dena: Laskarairen ustez, «gu bezalako jendearentzat, anonimoentzat dena mugatu dute Txillida-Oteiza borrokara. Eta horrek saihestu ditu besteak. Basterretxeak salbatzen du bere burua, baina Ugarte eta Mendiburu, adibidez, ukatuak dira. Nik Mendiburu deskubritu dut. Zoragarria da». Egileek anitz deskubritu duten bezala, orain, irakurleei pasa nahi diete lekukoa, haiek ere deskubri dezaten.
Ezarian. Euskal zizelkariak
25 zizelkari enblematiko
XVI. mendetik gaur arte, Euskal Herriko eskulturgintzaren «koherentzia» eskaintzen du 'Euskal zizelkariak' liburuakHiru urteko lanaren ostean, 25 zizelkari elkartu dituzte argazki eta testuen bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu