Erabaki beharra zegoen, eta erabaki zuten. San Frantzisko ala San Saturnino. Biak santu, biak gertuko, baina bat hautatu behar, eta, azkenean, bigarrenaren alde lerratu ziren Iruñeko agintariak 1611ko azaroan. San Ferminek hartuko zuen gerora fama, baina erabakia hori izan zen: San Saturnino izango zen patroia, eta azaroaren 29an ospatuko zen hiriaren festa eguna. Hala egin da 400 urtez, eta hala egin zen atzo ere. Festa izan zen Iruñean; San Saturninoren omenez zenbaitentzat, santuaren aitzakian gehienentzat.
Festa giroa zen nagusi Alde Zaharreko kaleetan goizetik. Giro berezia. Soineko berriz bete zituen atzo San Saturninoren prozesioak 400 urteak, adibidez. Beren jantzi hoberenak berritu eta atontzea erabaki zuten udaleko ordezkariek. Goizean atera zuten santuaren irudia Iruñeko kaleetara. Inguruan, jendetza: erraldoien konpartsa, Pamplonesa musika banda, dantzariak, txistulariak, elizako ordezkariak eta herritarrak. Meza eskaini zioten San Saturninoren elizan gero. Mozart, Bach eta Haendelen piezak eskaini zituzten Iruñeko Orfeoiak eta Katedraleko Kapera Musika taldeak.
Eguerdikoa izan zen, halere, udalak antolaturiko egitarauko ekitaldi nagusia. Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien konpartsaren unea izan zen. Hiritar mordoa bildu zen haien emanaldia ikustera. Sanferminak ziruditen sansaturninoek, eta saio berezia izan zen. Gutxitan dantzatzen duten dantza bat eskaini zuten. Turrillasen musika jo zuen Pamplonesak, eta erraldoien gonapetik atera ziren zortzi dantzari, XX. mende hasierako jantziekin denak. Jende artera joan, eta dantzatzera gonbidatu zituzten publikoko zortzi pertsona. Beste zortzi dantzarik erraldoiak hartu zituzten bitartean, eta elkarrekin bukatu zuten dantzan denek. Txaloz hartu zuen pieza plaza betetzen zuen jendeak. Arratsaldean Gayarre antzokian saio berezia eskaini zuen Pamplonesak.
Ez da egun bakarreko ospakizuna izango, halere, urteurrenekoa. Martxoaren 3ra arte izango da zabalik patroiari buruzko erakusketa Konestable jauregian. Erlikia eta bestelakoekin.
Herri festen alde
Hiritarren festak hiritarrena behar lukeela. Hori da Gora Iruña! plataformaren aldarrikapena, eta egun beteko programa antolatu zuten atzo, horregatik. «Iruindarren parte hartzeak ez luke izan behar antolatzen diren ekintzen lekuko bakarrik. Denok hartu behar genuke parte zuzenean festan; dantzan, jaten edota elkarrekin abesten». Hori zen proklama, eta ehunka izan ziren jarraitzaileak.
Kalea bilakatu zuten festaren gune nagusia goizetik iluntzera arte. Bazkaria, dantzaldiak, kontzertuak eta kantu saioak izan ziren. Baita sari banaketa ere. Iruñeko Burrunba peñari eman zion plataformak aurtengo Gora Iruñea saria, 50 urtez sanfermin herrikoien alde egindako lanagatik.
Vendetta taldeak, berriz, Gora Iruñea! kolektiboarentzako sorturiko kanta aurkeztu zuen zuzenean.
400 urteko festa eguna
400 urte bete dira aurten Iruñeko agintariek San Saturnino patroi hautatu zutenetik, eta festa eguna izan zen atzokoa hiriburuan; santuaren omenez eta santuaren aitzakian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu