KAZETARITZA

49 kazetari hil dituzte aurten: 2003tik izandako kopururik txikiena

Mexikon hamar kazetari hil dituzte, Sirian adina. 389 kazetari kartzelan daude, iaz baino %12 gehiago. Mugarik Gabeko Kazetariek urteko balantzea aurkeztu dute.

Omar Ivan Camacho martxoan hil zuten. EFE
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 17a
19:00
Entzun

Mugarik Gabeko Kazetariek nabarmendu dute aurten kazetari gutxiago erail dituztela aurreko hamasei urteetan baino. Munduan 49 kazetari hil dituzte aurten haien ogibideari lotuta, iaz baino %44 gutxiago. Hilketa horietatik hogei gerran dauden herrialdeetan gertatu dira, eta beste 29ak, gerrarik ez dagoen herrialdeetan. Izan ere, Mugarik Gabeko Kazetariek nabarmendu dute «bakean» dauden herrialdeetan daudela orain hilketa gehiago. Mexikon hamar kazetari hil dituzte aurten, iazko kopuru berbera. Eraildako kazetarien kopurua txikiagotu egin da, berriz, Sirian, Iraken, Yemenen eta Afganistanen. Aurreko sei urteetan baino kazetari gutxiago hil dituzte aurten Sirian: hamar. Ez du zerikusirik 2012ko eta 2013ko datuekin; 2012an 64 kazetari hil zituzten, eta 2013an, 69. Yemenen ere nabarmen jaitsi da kazetari erailen kopurua: iaz zortzi kazetari hil zituzten bertan, eta aurten, bi. Antzeko gertatu da Afganistanen: iaz hamasei kazetari hil zituzten, eta aurten, bost.

Txina eta Turkia
Hildako kazetarien kopurua murriztu egin da munduan, baina espetxeratutako kazetariena handitu egin da. Hilabete honetan, munduan 389 kazetari preso daudela zenbatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek, iaz baino %12 gehiago —aurreko urtean ere gorakada egon zen: %7koa—.

Txinan nabarmen egin du okerrera adierazpen askatasunak. Urtebetean bikoiztu egin dira espetxeratutako kazetariak, eta dagoeneko 120 dira preso daudenak. Egipto eta Saudi Arabia dira kazetari preso ugari dituzten beste bi herrialde: 34 eta 32, hurrenez hurren. Sirian 26 kazetari daude kartzelan, eta Vietnamen, 25.

Turkiako egoera ere ez da batere samurra, eta gutxienez 25 kazetari daude preso. Gertatzen ari dena da, gainera, zenbait kazetari kartzelatik atera, eta handik gutxira berriro espetxeratzen dituztela. Epaiak ez dira irmoak. Ahmet Altan kazetariaren kasua da horietako bat: 2018ko otsailean biziarteko zigorra jarri zioten; aurten, azaroaren 4an, hamar urte eta sei hilabeteko zigorra jarri zioten, baina berehala auzitegiak baldintzapean aske utzi zuen. Handik egun gutxira, Poliziak berriro atxilotu zuen Altan, epai berri batek baliogabetu egin zuelako hura aske geratzea. Litekeena da Turkian kazetari preso gehiago egotea Mugarik Gabeko Kazetariek zenbatutakoak baino. Erakunde horrek berak adierazi du kazetarien defentsan aritzen diren elkarte askoren ordezkariak atxilotzen ari direla azkenaldian.   

Kazetarien hilketen eta espetxeratzeen datuak emateaz gain, Mugarik Gabeko Kazetariek jakinarazi dute egun 57 kazetari daudela bahituak —iaz bezala—. Estatu Islamikoak ditu bahituak kazetari horietatik 24.
Bahitutako kazetarien zerrendan sartu dute Ukrainako Stanislav Asseyev kazetaria. Donetseko Errepublikako autoritateek, atxilo hartu, eta hamabost urteko zigorra jarri zioten presondegi kolonia batean. 2017ko ekainetik dago Asseyev preso.

Berri onen artean, berriz, Mugarik Gabeko Kazetariek aipatu dute aurten aske gelditu direla Shwakan argazkilaria, Mohamed Sheikh Ould blogaria eta Reuters agentziako Kyaw Soe Oo eta Wa Lone kazetariak. Era berean, aurten ez da kazetaririk desagertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.