50 urte txinpantzeak defendatzen

1960an hasi zen txinpantzeak ikertzen Jane Goodall, denborarekin zientzialari talde bat osatu eta bere institutua ere sortu du. Euskal Herrian izan da bere azken 50 urteetako lanak eta ikerketak azaltzen

Donostia
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
1960ko uztailaren 14an Jane Goodall Tanganika aintziraren ertzean dagoen Gonbeko erreserba naturalera iritsi zen, Tanzaniara. Ez zen ikerlaria, ez zeukan inolako titulaziorik arlo horretan, baina animaliak aztertzeko irrika eta ilusioa soberan zeuzkan. Txinpantzeak behatzen eta ikertzen hasi zen orduan, eta ekarpen handiak egin ditu animalia horien iraupena bermatzeko.

«1986an, lau eguneko kongresu bat izan zen txinpantzeen inguruan, eta orduan atera nuen ondorioari esker, jendea kontzientziatu nahian nabil ordutik». Ikertzen ari diren bitartean, aldamenean isilpeko ehiztariak txinpantzeak eta galtzeko arriskuan diren beste animalia batzuk akabatzen dituzte, haien haragiak edo beste zerbaitek daukan balioagatik. Horregatik, mundu osoan bueltaka dabil, jendeari kontzientzia piztu nahian. 1986rako zientzialari taldea osatuta zeukan, beraz ez zuen bakarrik utzi bere proiektua.

Atzo Euskal Herrian izan zen bere bizitzaren eta txinpantzeen ingurukoak azaltzen. Txillida Lekun eman zuen hitzaldia, Tolosa Naturaldia natur jardunaldiaren barruan; berak eman dio amaierekimenari. «50 urte dira txinpantzeak ikertzera joan nintzenetik, baina ez daramatzat urte horiek guztiak txinpantzeen ondoan», jakinarazi zuen hitzaldiaren aurretik goizean eman zuen prentsaurrekoan.

Aurkikuntza garrantzitsuak

Zientzialariak lanean jartzea lortu zuen Goodallek Gonbera iritsi eta hilabete gutxira. Txinpantzeak erremintak egiteko eta horiek erabiltzeko gai zirela ikusi zuen. Ordura arte, uste zen gizakiak bakarrik zirela horretarako gauza. Horregatik, gizakiaren definizioa konpondu behar izan zuten zientzialariek. Bestalde, haragia ere jaten zutela ikusi zuen, eta ordura arte, belarjaleak zirela uste zen.

Jane Goodall Institutua sortuta dauka, eta «guztira 27 institutu» dituztela dio. AEBetan hasi ziren, entzute handia baitzeukan National Geographic aldizkari ezagunak eskaini zizkion erreportajeei esker. Oraindik ere gehiago nahi dituela garbi dago. «Ea Euskal Herrian ere sortzea lortzen dugun».

Txikitutako lurra berriro ongi jartzea posible dela dio, baina horretarako gizakien portaera aldatu beharra dagoela ere bai. «Beharrezkoa da bizitza iraunkorrago bat eramatea, gure haurrei mundu hobea utzi nahi badiegu». Gauzak konponduko diren esperantza badauka, esperantzarik izan ez balu ez lukeela «hain bizitza eroa» eramango, dio. Gainera,gazteak gauza asko egiten dituztela eta horrek ere esperantza ematen diola jakinarazi du.

Dokumental bat egin berri dute Goodallen azken 50 urteen inguruan. Gonbera joan zenean izan zituen zailtasunetatik hasi eta gaur egun egiten dituen bidaiak erakustera iristen da. «Oso polita» dela dio berak, eta bere burua pantailan ikustera ohituta dagoen arren,dokumentala ikusi zuenean asko hunkitu zela dio.



Jane Goodall.Naturalista eta etologoa

«Gizakiak hobeto ulertzenlagundu didate txinpantzeek»

X. Otamendi. Donostia

Jane Goodall (Londres, 1934), txinpantzeak ikertzera joan zen 1960an Tanzaniara. 1986ra arte horretan ibili zen, baina ikerketekin bakarrik txinpantzeen egoera salbatzea zaila zelako, eta ikerketa taldea martxan jarrita zeukalako, mundu osoan txinpantzeen inguruko azalpenak ematen ibiltzen da urtean 300 egunez. Txillida Lekun hitzaldia eman zuen atzo, Tolosa Naturaldia natur jardunaldiei amaiera emateko. Aurretik, labur bada ere, galdera batzuei erantzun zien.

Zer eman dizute txinpantzeekin bizitako urte horiek?

Gizakiok animalien erreinuko parte garela konturatzen lagundu dit. Oso harroak gara, garrantzitsuagoak garela pentsatzen dugu; are gehiago, gure inguruko jendea beste inor baino garrantzitsuago dela uste dugu. Gizakiak hobeto ulertzen lagundu didate txinpantzeek.

Txinpantzeak gizakiak adinako ankerrak izan daitezkeela diozu. Zer ikusi duzu hori esatera iristeko?

Elkar hiltzen due, kanibalismora ere jotzen dute, komunitateen arteko gerrak ere izaten dituzte... Komunitate bat beste bat oso-osorik suntsitzera iritsi izan da kasu askotan. Oso gogor jotzen dituzte, eta sortutako zauriengatik hil egiten dira. Orduan, besteena zen lurraldea beraientzat hartzen dute.

Oinarrizko zer gauza egin beharko lirateke txinpantzeen egoera normalizatzeko?

Galdera handia da hori. Basoa babestu behar dugu lehenik eta behin. Bertan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetu beharra daukagu. Izan ere, kasu gehienetan, zuhaitzak moztu behar izaten dituzte beren bizia aurrera atera ahal izateko. Era batera edo bestera, Afrikako, Brasilgo eta beste zenbait tokitako politikariengan eragin behar dugu. Egur enpresa handiek egurra saltzeari utzi behar diote. Egurra saltzen dirua egin beharrean, ideia zera da: enpresa kutsatzaile handienek, gas isuriengatiko ordain moduan, bertako biztanleei dirua ematea, basoak gehiago suntsitu beharrik ez izateko. Horrela basoak mantentzea lortuko litzateke. Redd izeneko programa begira dezakegu. Inguru tropikaletatik etorritako egurra ez erosten ere saia gintezke. Jane Goodall Institutuari eta horrelako elkarteei lagun geniezaieke, txinpantzeak babesteko kanpainetan laguntzeko. Egoera ulertzen laguntzeko jendea heztea ona litzateke. Munduko baso hezeen suntsipena munduaren klima aldatzen ari da, atmosferara CO2 asko isurtzen ari delako. Basoak salbatzen saiatu behar dugu, hori da oinarrizkoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.