Berdintasuna

6.564 emakume irtengo dira Lilatoian, inoiz baino gehiago

Goranzko joera adierazten dute azken urteetako parte hartzearen grafikoek. Igande honetan izango da, Donostian, Norantza bakarra du bideak lelopean.

Lilatoiaren antolatzaileak, lasterketaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Nagore Arin.
2020ko otsailaren 26a
15:47
Entzun

Berdintasunaren aldeko aldarriak ozenki entzuten diren hilabetea da martxoa: Emakumeen Nazioarteko Eguna, Lilatoia... Hain justu, igande honetan izango da berdintasuna helburu duen lasterketa, Lilatoia. Gaur egin dute lasterketaren aurkezpena, Donostian, eta aurtengo aldiari buruzko datuak plazaratu dituzte. Guztira, 6.564 emakume irtengo dira Lilatoian, eta lasterketa sortu geroztik izan den parte hartzailerik handiena da.

Azken sei urteetan bezala, Donostiako Atletico San Sebastian kirol elkarteak hartu du herri lasterketa hori antolatzeko ardura –1990. urtean sortu zen, Donostiako Koordinakundea Feministaren ekimenez, eta 146 parte hartzaile izan zituen lehen aldi horretan–.Geroztik, urtez urte handitu da parte hartzea; iazko datuekin alderatuta, adibidez, %4,75 gehitu da lasterkarien kopurua. 2015. urteari erreparatuta, berriz, askoz ere esanguratsuagoa da hazkunde hori; izan ere, aldi horretatik %52,43 hazi da emakumeen parte hartzea.

Norantza bakarra du bideak. Hori da aurtengo aldiaren leloa, eta Edurne Martinez de Trebiño antolatzailearen esanetan, berdintasuna lortzeko bidean egiten du azpimarra: "Guztiok barnean gaudela esan nahi du, guztiok berdinak garela". Haren iritziz, "emakumeei zuzenduta antolatzen den herri lasterketa bat da", eta egun horretan sortzen den giroa "berezia" da. Lasterketaz gain, bestelako ekintza ugari ere antolatu dituzte, horien artean: zumba beroketa saioa, Ibarrako Soka-Tira taldeko emakumeen erakustaldia eta lilapotea.

Ibilbidea egokitu beharra

Lasterketa 10:30ean hasiko da, eta sari banaketa 11:30ean izango da, Alderdi Ederren. Donostiako San Martin kalean egiten ari diren lanak direla eta, aurtengo ibilaldiak aldaketa bat izango du. Askatasunaren hiribidean bira egin ondoren, Urbieta kalea zeharkatuko dute lasterkariek, Mendeurreneko plazara iritsi arte. Gainerako ibilbidea berdina izango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.