Amsterdam urez inguratuta dago, eta Amstel ibaiak ematen dio izena hiriari. Hamarnaka kanal daude hiriaren barruan, eta, haietako bat hustean, ikertzaileek ezusteko bat izan dute: 700.000 objektu baino gehiago atera dituzte ur azpitik, Kristo aurreko 4000. urtetik hasi eta gaur egun artekoak. Amsterdamen historiaren zati bat atera dute ur azpitik.
2003an, hiriaren iparra eta hegoa elkartu nahian, lanetan hasi metroaren linea berri bat irekitzeko, eta halaxe atera dituzte objetuak lurpetik. Historiaurreko hainbat objektutatik hasita, 2005era urte bitarteko sakelakoak atera dituzte, eta denak jarri dituzte ikusgai Below The Surface webgunean. Ekainaren 13tik dago ikusgai webgunea, eta bertan, objektua non aurkitu zuten adierazteaz gain, pisua, materialaren jatorria eta noiz eginda dagoen adierazten da. Material guztia kronologikoki antolatua dago, eta, denbora lerro baten bitartez, modu errazean dago eskuragarri edonorentzat. Luzaroan, Amsterdango biztaleek zaborrontzi gisa erabili dute kanala, eta, ondorioz, aurkikuntza arkeologikoez gain, objektu pertsonal asko ere atera dira, batzuk jendeari eroritakoak, bertzeak nahita botatakoak.
Objektu askoren nahasketa dago webgunean, historiaurreko gezi eta txanponetatik hasi eta azken urteetako telefonoetaraino. 2005 bitarteko objektuak sartu dituzte denbora lerroan. Ur azpian 39 metroraino egin dituzte bilaketak, baina gauzaki zaharrenak ur azpian 12 metroan aurkitu dituzte. Azkeneko objektuak 2011n atera zituzten ur azpitik.
Amsterdango Udalak liburu bat eta dokumental bat egin ditu aurkikutzaren berri emateko, eta aukeratutako 100.000 objektu ikusgai jarriko dituzte uztailean inaguratuko duten metro geltoki batean. Gainontzekoak udalak gordeko ditu.