euskal encounter

8.000 parte hartzaile baino gehiago bildurik, inoiz baino jendetsuagoa izango da Euskal Encounter

Barakaldon egingo dute, larunbatetik asteartera. Hiru gune izango ditu: Euskal Partya, Opengunea eta Kanpin gunea. Opengunea publiko guztiari irekiko diote, eta hitzaldi eta tailer andana eskainiko ditu.

Euskal Encounter, iaz. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Peru Azpillaga Diez.
2017ko uztailaren 18a
12:53
Entzun

Orain dela 25 urte egin zen lehen aldiz, Urretxun (Gipuzkoa). Orduz geroztik, Euskal Encounter hazi eta zabaldu egin da etengabe. Aitor Cobanera SPRI taldeko teknologia eta Berrikuntza saileko zuzendariak nabarmendu duenez, “jauzi kualitatibo eta kuantitatibo handia" eman du urte hauetan, eta ekitaldia "teknologia berriak hedatzeko eta ezagutzak trukatzeko leku aproposa" delakoan daude.

Encounterren parte hartzen duen jendearen batez besteko adina 28 urtekoa da. Horrek esan nahi du gehienak ez zirela jaio ere egin lehenengo aldiz egin zenean. Horregatik, Encounter bi kolektibok osatzen dutela nabarmendu dute: teknologiak barneratu zituztenek eta teknologiekin jaiotakoek.

Hainbat tokitatik pasatu ostean, BECen dago egun, Barakaldon (Bizkaia). Sabino San Vicente ekitaldiaren antolatzaileak azaldu duenez, "Encounter informatikaren munduan aritzen direnen bilera jendetsu bat da, profesionalak eta amateurrak biltzen dituena". Haren helburu nagusia hauxe: ezagutzak trukatzea eta ondo pasatzea, eta, bide batez, proiektu eta enpresen sorleku izatea. “Urte guztian zer egiten ari den ikusi, eta gure lehiaketak momentuan dagoen eskaerara egokitzen ditugu".

Aurtengo leloa Hacking history izango du, Euskal Encounterrek gizarteari egindako ekarpenaren erakusgarri. Uztailaren 22an hasiko da, 10:00etan, eta 25ean bukatu, 17:00etan. Zortzi mila pertsona bilduko ditu aurten, gehienak gizonezkoak (%87). Euskal Herritik kanpoko jendea ere bilduko dela espero dute, besteak beste Madrilgoa, Bartzelonakoa eta Kantabriakoa. San Vicenteren hitzetan, aurtengo edizioa gogoangarria izatea espero dute: inoiz egin den Euskal Encounter jendetsu eta arrakastatsuena.

Aurten, gainera, pabiloi bat gehiago izango du Euskal Encounterrek. 5.024 postu eskaini dituzte Euskal Partyan parte hartzeko, eta beteta daude aspalditik guztiak —lehenengo 4.000 lekuak 5,8 segundoren buruan amaitu ziren—. Gainera, Interneteko konexio abiadura segundoko 40 gigabit simetriko izango da aurten: munduko party azkarrenetarikoa bilakatuko da Euskal Encounter.

Party gunean besteak beste, jokoen gunea, software librearen gunea eta hardware gunea egongo dira. Azken horretan, droneekin ibiltzeko pista bat, 3D inprimagailuz osatutako gune bat eta errealitate birtualeko simulagailuak jarriko dituzte. Partyan parte hartuko dutenentzat, kanpaleku bat ere egongo da.

Euskal Partyaz gain, Opengunea ere arrakastatsua izatea espero dute. Gune hori publiko guztiari irekiko diote. Bertan hamaika hitzaldi eta tailer eskainiko dituzte, eta party-ko kideentzat zein publiko orokorrarentzat izango daude. Beste askoren artean, bideo jokoekin, robotikarekin eta errealitate areagotuarekin lotutako ekintzak egongo dira. San Vicentek nabarmendu duenez, "inoiz egin den ekitaldirik mamitsuena izango da aurtengoa". Gainera, lehiaketa ofizialez gain, ekintza eta norgehiagoka ugari ere antolatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.