Ez nuen atzo arte itxaron behar izan nire aurreikuspenak beteko ote ziren jakiteko. Iradoki bezala, ETBk denbora gehiago eskaini zion Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko partidari, Kataluniako hauteskundeen jarraipen bereziari baino. Lehenak 35 minutuz irabazi zion bigarrenari. Ez naiz aztia, ez naiz inor baino azkarragoa sentitzen. Munduaren logika zoroaren ebidentziara makurtu nuen nirea, gainontzeko gehienek egin zuten modu bertsuan.
Asteleheneko derbi santuak, klasikoetan klasikoenak, laurehun milioi ikusle potentzial izan zituen munduan. Espainiar estatuan futbol partidak ikusi ahal izateko ordainketa sistema martxan jarri zutenetik, ez du hainbeste erosle inoiz izan. Gutxi gorabehera, bi milioi eta erdi pertsona izan omen ziren telebistaren aurrean. Baina, jakina, datua ezin da bere horretan ulertu. Bederatziak eta hogei inguruan hartu nuen nik etxerako bidea. Bederatzietan tabernen aurretik pasa nintzen, eta denak -bai, denak- lepo zeuden. Beraz, erosle bakoitzeko ikusle kopurua biderkatu egin beharko litzateke. Harritu ez ninduten arren, begietan iltzatuta geratu zitzaizkidan pantaila erraldoiak eta haien aurrean ikusi nituen bi taldeen kamisetak eta bufandak. Ez baitziren gutxi.
Zenbaitek Camp Noun hainbeste kamera kokatu izana normala da. Ohikoak, hiru dimentsiotakoak eta Gol TV katekoak zenbatuz gero, emaitzak berrogei inguru ematen du. Eta, noski, Gol TV kateak ere bere marka oro hautsi zuen, Canal +Liga-k egin antzera. Horrekin, erraz justifikatuko dituzte hitzorduari eskainitako ordu guztiak, hurrenez hurren, hamaika eta hamabost. Pentsa, jende gehienak bost golak eta izandako liskarrak ikusita zeuzkan arren, La Sexta kateak partidari eskaini zion ordu eta erdiko laburpena beste bost milioi begik jarraitu zuten.
Ikuskizun onaren logika baino zerbait gehiago dago datu horien guztien atzean. Eragindako zurrunbiloak patrikak betetzen ditu, herritarren plazera sortzean gain. Dena den, zurrunbiloa haizatzen dutenentzat ikuskizuna, futbola, aitzakia perfektua baino ez dela esango nuke.
Gaur ez dago derbi santurik. Baina zaude lasai, Eusko Legebiltzarrak harrera egingo die Espainiak Munduko Kopan irabazitako garaikurrari, Javi Martinezi, Fernando Llorenteri eta Xabi Alonsori. Eta kamerak han izango dira, etxekoak zein kanpokoak.
KOMUNIKAZIOA
'A posteriori' (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu