20 urte daramatza Txintxarri abesbatzako zuzendari gisa Garbiñe Orbegozok (Alegia, 1963). Alegiako koruak 50. urteurrena bete du aurten, eta Orbegozorentzat oso berezia da.
20 urte hauetaz zer balorazio egiten duzu?
Oro har, ona. 20 urtean denetik pasatzen da; garai onak eta ez hain onak. Taldea dinamikoa da: batzuek taldea utzi egiten dute, beste batzuk etorri egiten dira... Garrantzitsuena da bloke bat mantendu egin dela. Batzuk Joxe Gastesiren garaikoak dira,eta beste batzuk nirekin hasitakoak. Bloke hori oso garrantzitsua izan da. Niri indar handia eman dit horrek, jende bat hor egongo dela jakiteak. Bestalde, urteak joan ahala ikuspuntuak aldatu, eta pentsatzen duzu gauza berriak sartzea. Baina, gero, batzuetan, lehen egiten ziren gauza batzuk berreskuratu egiten dituzu.
Zer esan nahi du abesbatzak zuretzat? Zure bizitzaren parte bat izango da dagoeneko.
Bai. Azkenean lotura handia da, bai zuzendari gisa, bai emozio aldetik. Konturatzen zara abesbatzan gertatzen diren gauzak garrantzia dutela zuretzat. Bertako kideon artean sortzen diren harremanak lagunartekoak dira. Herrian ere abesbatzak urte asko daramatza, eta horrelako pisu bat ere badauka. Herritarrak ohituta daude gu hor egotera, eta egiten ditugun emanaldietara joaten dira.
Joxe Gastesiren ondoren hartu zenuen zuzendaritza. Nola gogoratzen duzu hura?
Zuzendaritza hartzea ardura bat zen, baina ohorea ere izan zen. Joxek erakutsi zidan niregan konfiantza zuela eta lan hori egin nezakeela, eta ilusioz hartu nuen. Hark aholku asko ematen zizkidan. Zuzendaritza utzi ondoren ere asko hitz egiten genuen. Musikalitate handia zuen. Harengandik adierazkortasun handia jaso nuen batez ere; ez direla bakarrik teknikoki gauzak ondo egin behar, sentimendua eta gustua eman behar zaiola ere ikasi nuen Joxerekin.
Aurten hainbat ekitaldi egiten ari zarete urteurrena ospatzeko. Nola bizitzen ari zara urte hau?
Ekitaldi bat pasatzen da eta beste batean pentsatzen hasten zara. Urtea ez aspertzeko modukoa izaten ari da. Orain arte egin ditugunak bereziak izan dira, baina gaurkoa izango da, sentimenduaren aldetik ikusita, garrantzitsuena. Musika aldetik, 50 urte hauetan asko abestu diren kantak abestea proposatu dugu, bai Joxeren garaian eta baita ni zuzendari naizenetik ere. Xabier Sarasolak eta Felix Irazustabarrenak egin duten obra ere berezia izango da: Pausoz pauso... Abestia prestatzen denbora pasatu dugu. Horrez gain, gonbidapenak eman dizkiegu koruan ibilitakoei. Denok batera hiru kanta abestuko ditugu. Ilusio handiz gaude.
Eta ziurrenik urduritasun pixka batekin ere.
Uste dut gauzak konrolpean ditugula. Nahi duguna da jendea gustura egotea eta ondo pasatzea. Nik uste dut taldean egun horren berezitasuna sentitzen dugula, eta saiatu nahi dugu jendeari hori transmititzen. Jendeak agian pentsatzen du ez dela hainbestekoa horrelako urteurren bat ospatzea. Baina Gipuzkoan ez daude hainbeste abesbatza urte horietara iritsi direnak.
«Abesbatzako kideon artean sortzen diren harremanak lagunartekoak dira»
Alegiako abesbatzaren 50. urteurrena ospatzen ari dira aurten; ondorioz, emanaldi berezia egingo dute gaur Txintxarrik eta Txintxarri Txikik, 12:30ean, Alegiako Joan Bataiatzailearen elizan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu