Parte hartzea zerbait txikiagoa izan da aurten, antolatzaileen esanetan, baina beti bezalako grinez parte hartu dute bertaratu direnek. 1.400 bat pertsona eta 200 bat ontzi zeuden izena emanda gaur goizerako. Azken orduan agertu dira izena eman gabeko parte hartzaile batzuk, baina beste batzuek ez ateratzea erabaki dute.
Goizetik lainopean eta euripean egon da Donostian. Abordatzeko ontziak prestatzeko lanak, 10:00etatik aurrera, koadrillek txandaka egiten dituztenak, euripean egin dituzte askok, eta giroak ez du lagundu parte hartzea bultzatzen.
Eguerdian kaian bertan egin dute bazkaria abordatzean parte hartu dutenek, eta 17:00etarako, piratek abiatzeko ordua iritsi denerako, eguraldiak makurrak eten bat egin du. Eguzki izpi batzuk ere agertu dira, eta giro onean egin dute abordatzea azkenean.
Kaian ontzi guztiak sartu, eta itsasora ateratzean zakar samar hartu dituzte olatuek eta haizeak; desbideratu ere egin dituzte ontzi batzuk, baina azkenean arazorik gabe iritsi dira pirata guztiak Kontxako hondartzara.