Arbizun (Nafarroa) atzo arratsaldean hasi ziren sanjoanak. Txupinazoa lehertu zen herriko plazan,eta arbizuarrak festan murgildu ziren. Urtero legez, eta ohiturari jarraituz, San Joan ermitara igo ziren herritarrak bezperak ospatzera. Apaiza gidari zutela, udalbatza eta gainontzeko arbizuarrak bezperak entzutera joan ziren. Behin eginkizun hori bukatuta, herriko kintoek Arbizuko Maria Lonbrenen zaldiya zortzikoa dantzatu zuten baselizako atarian.
Baina dena ez zen dantza izan. Euskal Herriko beste herri askotan bezala, festetan, sabela beteta eta eztarria bustita edukitzea ezinbestekoa da arbizuarrentzat. Horregatik, zortzikoa bukatutakoan, sailetan bildu eta arratsaldekoa egin zuten ermita inguruko zelaietan. Herriak ardoa, gazta eta ogia eskaini zien, eta kuadrilla bakoitzak bere arratsaldekoa eraman zuen. Ongi aseta, eta Jaiak herriko txarangaren erritmoari jarraituz, arbizuarrek baselizatik herrirako bidea egin zuten.
San Joan bezpera izanik, herrian ez zen sua faltatu. Kale Nagusian barna herritarrek prestatu zituzten suak piztu zituzten, 23:00etan. Herritarrak suak saltatzen ibili ziren arimak garbitzeko eta espiritu txarrak uxatzeko. Suan saltoka ibili ondoren, herriko kuadrillak afaltzera bildu ziren elkarteetara.
Gaur, egun nagusia
Jaietako egun nagusia dute gaur Arbizun: San Joan eguna. Jaiak txarangaren dianek esnatuko du herria. Gero, bezperan bezala, San Joan ermitara igoko dira arbizuarrak, eta udalbatza, apaizarekin batera, hamaika eta erdietan. Eguerdian ermitan meza entzun ondoren, bueltan herrira jaitsiko dira, udalak urtero eskaintzen duen hamabitakoan jatera eta aatea edo edatea egitera. Zizka-mizkez gain, udal langileek ardoa aterako dute udaletxe atarira biltzen direnentzat, eta herritarrek zilarrezko hiru katiluetatik, barkiloetatik, ardoa edanen dute.
Baina helduentzat ezezik, haurrentzat ere izanen da zeregina gaur. Eguerdian eta arratsaldean tailerrak dituzte herriko plazan. Pilotazaleentzat, berriz, partida profesionalak izanen dira herriko pilotalekuan. Eguerdian bezalaxe, aatea errepikatuko dute berriz arratsaldeko zortzietan, eta buruhandiak ere izanen dituzte herriko haurrentzat. Afaltzera joan aurretik, herriko neska sokatiralariei omenaldia eginen die udalak.
Gauean, berriz, plazaren inguruan mahaiak jarri, eta herriko sailak jateari eta edateari ekinen diote berriro. «Oso giro ona sortzen da, eta inguruko herrietako jende asko etortzen da; asteburua izanik, are gehiago», dio Katrin Ginea Kultura zinegotziak. Izan ere, arbizuarrek, parranda ez eze, mahaiaren inguruan egotea ere maite dute. «Edozein aitzakia ona da mahaian esertzeko», dio Gineak. Egunero festak irauten duten bitartean egiten duten aate-a, edatea, alegia. Udal plazan bildu eta udalak zilarrezko ontzietan, ardoa banatuko du 20:00etan.
Ostirala arte jaietan ibiliko dira herrian. Bihar, Kintoen eguna ospatuko dute. Etzikoa erretiroa hartutakoena izanen da. Hurrengo eguna gazteena izanen da. Osteguna, berriz, haurrena. Festak preso eta iheslarien egunarekin bukatuko dira.
Jaiak. Arbizu
Adin orotarako festa aukera
Egun handia dute gaur arbizuarrek, baina festak ostiralera arte iraunen du; adin bakoitzak izanen du bere eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu