Bizi gabeko garai bateko mina izateak lotsa eragiten dio askori. Pink Floyden Set the Controls to the Heart of the Sun kanta duenak musika gogokoena ez du zertan etxean geratu binilo zaharrak entzuten. Londresko The Oscillation taldeak psikodelia ekarriko du gaur Gasteizera. Baina ikasitako psikodelia da, denbora ez baita alferrik igaro.
The Orichalc Phase taldearen gorpuzkinak utzitako ongarritik, talde berria hazi zuen Demian Castellanos musikariak. 2008an argitaratu zuten lehen diskoa. Nerabeak eta 40ko zein 60ko hamarkadetako entzuleakgustura bildu ahalko dira gaur, denek pentsatuko dutelako euren garaiko musika entzuten ari direla; izan ere, 1960ko psikodelia, 1970eko krautrock-a, 1980ko new wave-ko soinu ilunak eta drona nahasten ditu taldeak, pop izateari utzi gabe.
Aurten otsailean argitaratu zuten azken diskoa, Veils, eta asteko diskoa izan zen Rough Trade diskoetxe historikoarentzat. Castellanosek ahotsa eta gitarra jartzen ditu, Tom Relleenek baxua, Chris Wackcrowk teklatuak eta Jon Abbeyk bateria indartsua.
Taldearen zuzenekoak oso sendoak izaten dira, eta jarrera guztietarako aukera dago: lurrean eserita entzun daiteke, burua haluzinazioekin batera kulunkatzen. Edo zutik, erritmo sendoarekin dantza egiten. Iaz, areto bera leporaino bete zuten.
THE OSCILLATION
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Ibu Hots aretoan,Gasteizen.
Adinak ez du axolako gaur
The Oscillation taldeak azken bost hamarkadatako onena bildu eta gaurkotuko du gaur Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu