Komunikazioa

Administrazio kontseiluaren bileraren aurretik protesta egin dute langileek

Andoni Basabe: «Astakeria da EITBko kontratu programa kentzea; EITB gosez hiltzea nahi al dute?»

ETBko langileek, elkarretaratzea egiteaz gain, ohar bat eman zieten EITBko administrazio kontseiluko kideei. BERRIA / BESTEAK.
urtzi urkizu
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
ETBko langile batzordeak deituta, langileek mobilizazioak hasi zituzten azaroaren 9an. EITBko Zuzendaritza nora ezean dabil izenburuko oharra banatu zieten hauteskunde kanpainako eztabaidetan parte hartu zuten politikariei. Eta atzo ohar hori EITBko administrazio kontseiluko kideei eman zieten, kontseiluaren bilera hasi aurretik. Halaber, Bilboko egoitzan bertan elkarretaratze bat egin zuten langileek, EITBk bizirik behar du leloa zuen pankarta batekin.

Andoni Basabe ETBko langile batzordeko lehendakariaren arabera, «taldearen egoera oso kezkagarria da». Hala, langileek mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

kontratu programa gabe

PSEk eta PPk EITBko kontratu programa bertan behera utzi zuten aurreko astean Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, nahiz eta bi alderdi horien aldarrikapenetako bat izan zen 1990eko hamarkadan. EAJk, berriz, legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, kontratu programaren alde. Atzo, administrazio kontseiluaren bileran, EITBko zuzendaritzak argudiatu zuen Eusko Jaurlaritzaren diru gutxiagorekin murrizketak egin behar badira ezin dela kontratu programa aplikatu. EAJko ordezkari batekkontratu programa kentzea legezkoa zen aztertzeko eskatu zion legelari bati, eta, horren arabera, EITBko legeari jarraituz, ez da derrigorrezkoa kontratu programarekin jarraitzea.

Andoni Basabe ETBko langile batzordeko lehendakariaren ustez «astakeria» da kontratu programa kentzea. «kontratu programa horrekin ez zaude urtero Eusko Jaurlaritzak hartuko duen erabakiaren zain». Kultura Sailak EITBri buruzko bi txosten eskatu zituen, eta biak kontrajarriak ziren. «Baina biek bat zetozen kontratu programa oso onuragarria zela». Jaurlaritzak kontratu programa kentzeko erabakiarekin, Basabek ez daki zer pentsatu: «Ez dakigu oso baldarrak diren ala nahita egiten ari diren. Irrati-telebista gosez hiltzea nahi dute?».

Aurreko ostiralean, Eusko Legebiltzarrean Aralarrek Blanca Urgelli galdetu zion ea noiz beteko duten Nafarroan LTD bidez ETB ikusteko 2009ko uztailean Nafarroako Gobernuarekin sinatutako akordioa. Eta Urgellek erantzun zuen ez dela beteko, «akordioa txarra delako». Iñaki Garcia Arrizabalaga kontsumitzaileen federazioko ordezkari eta EITBko administrazio kontseiluko behin-behineko presidenteak Navarra directo saioaren afera eraman zuen atzoko bilerara, eta hurrengo bileran Nafarroan ETB hartzearen gainean eztabaidatzea eskatu zuen. ETBko langileen ordezkariak, era berean, oso kezkatuta daude Nafarroako aferan gertatzen ari denarekin.

Atzoko bileran, EAJko ordezkari batek Espainiako erregearen Gabonetako mezua ETB2k emango duen galdetu zion EITBko zuzendaritzari, baina ez zuen erantzunik jaso.

Publizitatearen jaitsiera izan zen atzoko administrazio kontseiluaren bileraren beste puntuetako bat. EITBko zuzendaritzak azaldu zuenez, publizitatea asko jaitsi da azkenaldian bai ETBn bai beste kate autonomikoetan.

Gaur, beste elkarretaratze bat

Minori TB jardunaldia egingo dute gaur Bilboko EITBko egoitzan, hizkuntza gutxituen telebisten inguruan. Europako hainbat adituk eta katetako arduradunek parte hartuko dute. EITBko langileek jardunaldia egingo den aretoaren ondoan elkarretaratze bat egingo dute 11:00etan. Datozen asteetarako mobilizazio gehiago antolatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.