Nork bereak.Jon Larrañagak, Iñigo Fernandezek eta Jabier Puldainek moda, estetika, marketina… hizpide izaten dituzte ordu erdiko solasaldi entzungarrian, Jaime Otamendiren esanetara, Mezularia-n (asteartea, 18:30-19:00). Irudiaren inguruan entzule arruntoi ezezagun zaizkigun zenbait gakoren berri izateko parada ematen digute, mundu hori gertutik ezagutzen duten eta ziurrenik bizibide hortxe duten heinean. Baina, aldi berean, mundu horrekiko ikusmoldea zeinen subjektiboa izan daitekeen, betiko eztabaida hori ere agerian uzten digute ia iritzia ematen duten aldiro. Estetikaren edo edertasunaren inguruan nork bere irizpideak dituenez, norenak eta zergatik nabarmendu behar ote dira? Adibidez, iragarki baten aurrean… Coca-colaren azken iragarkia solaskide horiei produktu biribila, txunditzeko modukoa iruditu zaien bezala, ziur nago entzule askok bestela ikusi dugula, adituak izan ala ez: manikeismo eta kurtsikeria yankiaren bertsio berritu baten gisa, alegia.
Hitz aspertuan.Anjel Lertxundi eta Joseba Zulaika astearteetan biltzen dira Mezularia saioan (17:05); Xabier Amuriza eta Carlos Cid, berriz, ostegunetan Faktoria saioan (11:05). Adinak ematen duen eskarmentutik ez ezik, gizakien mundu zoro honen inguruan kritikoki hausnartzeari orduak dedikatzeak dakarren jakinduriatik aritzen dira. Heriotzaz, gaztaroaz, gomendagarriak guztiz bi bikoteen hitz aspertuak heriotzaz, bizitzaz, gaztetasunaz, kontsumoaz...
Gozatu ederra.Sentimendu horixe bizituko zuen umilak ahalguztiduna garaitzea amestu ohi duen entzule edonork, Tiempo de Juego saioa aurreko igandean entzunez gero. Ser katea utzita COPEn hamar egun daramatzan Manolo Lama zen, noski, Real Madrilen partida eta golak emateko misio sakratua jaso zuen urrezko ahotsa. Merengeek edozein talderekin jokatzen duten aldiro egin daitekeen ariketa da hauxe: partidaren kontakizuna hasita dela piztu irratia, eta minutu mordoa igaro beharko da jakin arte nor duen aurkaria. Igandean anonimo izenda ezina izatea egokitu zitzaion taldeak, ordea, gidoia hautsi eta gola sartu zuen. Eta Manolo Lamaren ahots dezibelioak itzaltzen joan ziren harrezkero, minutuz minutu. Azken uneetan, etsi-etsita, «estamos perdiendo» esaldia besterik ezin izan zitzaion atera bihotz-bihotzetik gizonari.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Ados egon ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu