AEK-k jasoko du Gasteizko Jaietako Txosnisaria

Abuztuaren 4an irekiko dira Gasteizko Jaietako txosnak. Bi kolektibo berrik jarriko dituzte txosnak aurten: Errekaleor Bizirik-ek eta Berriztu Araba-k.

Txosna Batzordeko kideak prentsa agerraldian. JUANAN RUIZ
2017ko uztailaren 19a
14:12
Entzun

Gasteizko jaiei hasiera emateko eta txosnak irekitzeko egun gutxi falta da. Abuztuaren 4an 20:30ean zabalduko dituzte Gasteizko txosnak, eta zabalik egongo dira jaiak amaitu artean, abuztuaren 9ra arte.

Abuztuaren 4an txosnak zabaldu eta gero, 21:30ean, inaugurazio ekitaldia izango da, karpa nagusian. Ekitaldian, Txosnisaria banatuko dute. Sariaren helburua txosnak osatzen dituzten kolektiboak edota herrigintzan nabarmendu diren pertsona edo eragileak omentzea da. Aurtengoa AEKri emango diote, Txosna Batzordeak adierazi duenez, Gasteizko txosna giroa euskalduntzen egin duen lanagatik eta gasteiztar askori euskara ikasteko aukera emateagatik.

Aurten bi kolektibo berrik jarriko dute txosna bana: Errekaleor Bizirik-ek eta Berriztu Araba-k. Horiez gain, beste urte batzuetakoak ere egongo dira: Askapena, Gazte Karpa, Mugimendu feminista, Iraultza 1921, Kalera Kalera, Hala Bedi, Arabako bertsozaleen Elkartea eta Sukalde Gerrilla.

Herri mugimendua anitza denez, egun bakoitzak izaera berezia hartuko du. Abuztuaren 5ean, Preso eta Iheslarien Eguna izango da; 6an, Entxosnazio Eguna; abuztuaren 7an, Gazte Eguna; 8an, lehenengoz, Herri Botere Eguna, eta; azkenik, abuztuaren 9an, Egun Feminista.

Txosna batzordeak, beste behin, apustu egiten du jai eredu euskaldun, parekide, anitz, parte hartzaile eta herrikoi baten alde. Hortaz, berdintasuneko harremanen alde egingo du Txosna Batzordeak eta eraso sexistak gaitzetsiko ditu. Gasteizko Mugimendu Feministak datozen egunotan aurkeztuko du eraso matxisten aurkako protokoloa. Erasoen aurrean, autodefentsarako deia egiten die emakume eta gizonezko guztiei.

Txosna Batzordeak erasotzaileei helarazi nahi die ez direla ongietorriak txosnen gunera. Gasteizko jendeari dei egiten die, erasorik pairatu edo ikusiz gero, Gasteizko Mugimendu Feministaren telefonora jotzeko: 688718701. Telefonoa eskuragarri egongo da 24 orduz.

Gazte egunean, abuztuaren 7an, oholtza gainean emakumeak izango dira protagonista. Izango diren kontzertu guztiak emakume musikariek egingo dituzte, aurten lehenengoz. Emakumeek jaien testuinguruan hartzen dituzten rolak aldatu egin behar direlako erabaki du Txosna Batzordeak iniziatiba hori aurrera eramatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.