Denbora haietan, mundua kalda beroan zela, nuklearraren beldurra Fukushima izena hartzen ari zela; eta Libian, azken puntan bere kontzientzia menturaz zuritzeko Nazio Batuen Erakundeak jendearen alde babes militarra onartzen zuela, Euskal Herriko Unibertsitateak Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren laguntzarekin, Oihenart Aforismoen I. Lehiaketa bideratu zuen». Hitz barbaro ez hainbat herrikoi horrek «modu laburrean azaldutako pentsaerak», esan nahi zuela zehaztu zen.
Ironiarekin hitz egitea mingarri balitz horrelako lanaren antolatzaileentzat barkamenak eskatu behar nituzke, bake mota bat maite duen herri honetan denok hain minbera baikara gure lanbideen gaitzestearekin. Hala ere bada «Danimarkako Erresuman zerbait usteldurik», Hamlet batek zioenaz eta gure indarren erabilpenez gogoeta gutxi. Euskal kultura eta herri profesionalizatu baten ildoetatik gabiltza, eta hor ere «zuzen-zuzena beti dabil euskalduna», munduko lur edo jendarte ikarek ez inolaz ere mugiaraz. Intelektualen isiltasuna salatzen delarik gero eta gehiago gure mendebal aberastu okitu honetan, gure bazterretakoak zertan diren eska daiteke. Idazleak eta intelektualak beren eremu propioetan, iragan jauntxoak bezala beren dorre nagusietan zerratzen ziren moduan, jartzen ari ote zaizkigu? Miseriaren olatuak oraindik maila apalean izan arren gure lehorretan, kontuz datozen tsunamiekin.
Isiltasun kriminal horiek salatu zituen —1967an, aspaldi da— Xabier Lete batek: «Ai poeta! Gogorra izango da zuretzat Askatasun Eguna».
Maratila
Aforismoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu