Etena egin behar izan du Jose Eladio Santacara zarrakazteluarrak bere kontakizunean.Afrikako 31 herrialdetan egindako bidaiatik itzuli berri da , eta Zimbabwezari dela isildu da. «Han izan dudan kontaktuetako batek esan berri dit ahizpa kolerak jota hil zaiola. 20 urte zituen, eta ni han nengoenean hain ondo zegoen...». 2003ko ekainean munduko musikak biltzeko asmoz munduari itzulia ematen hasi zen Santacara, Ibiletxe bere furgonetarekin. 2006ko maiatzean itzuli zen, baina Afrika ezagutzea geratzen zitzaionez, 2007ko azaroan abiatu zen berriro. «Bidaia hau aurrekoa baino humanoagoa izan da, aurrekoan baino gehiago nengoen bidaian sartuta, eta nahiz eta bidaiaren ardatza musika izan, jendearekin egotea eta euren bizimodua ezagutzea garrantzitsuagoa zen oraingoan». Orain bi aste itzuli da.
2003an hasitako bidaian lau kontinentetan zehar 149.000 kilometro egin zituen Santacarak. Amaitu berri duen bidaia, ordea, ez da gutxiago izan: hamalau hilabetean 70.000 kilometro egin ditu. Urtarrilaren 31n iritsi zen Zarrakaztelura, bidaia Sinai mendiko Santa Katalina monasterioan amaitutzat eman ondoren. «Zailagoa izan da Afrikako bidaia. Bideak txarrak dira, eta euriarekin asko hondatzen dira. Ibiletxe ez zegoen behar den bezala prestatuta, baina, tira, egin dugu».
Ikusitakoarekin, minduta
Afrika beste edozein kontinente baino baztertuago dagoela dio azken sei urteetan mundu osoa ezagutu duenak. «Bi Afrika mota daude: bata, gizon zuriak utzi duen aparatutik bizi dena, eta bestea, gehiengoa, hiltzen ari dena, argi gabe, urik gabe eta etorkizunik gabe bizi dena». Ikusitakoarekin minduta dago: «Garbi dago orain dituzten arazoek eurek konpondu behar dituztela, baina ez dute horretarako aukerarik, eta Europako herrialdeen interesak handiak dira, gainera.Boterean dauden beltzen atzean zuriak daude, eta enpresak kontrolatzen dituzte. Zimbabwen gertatzen ari dena, adibidez, tragedia handia da. Afrikari izugarrizko mina egin diogu europarrok, eta ez da nahikoa orain euren kasara uztea; egindakoa konpontzen lagundu behar dugu, hiltzen ari baitira».
2003an hasi zuen bidaian, Taj Mahal mausoleoak harritu zuen gehien, baina Afrikako bidaiari dagokionez, ezin du leku bat aukeratu: «Jendeak markatu nauoraingoan. Jende arrunta da, normala, eta nahiko jatorra; ezer ez dute, eta kontu handiz ibili behar izan dut, baina oso ondo moldatu naiz». Kongon sakelako telefonoak dituzte, baina bateria kargatzeko argindarrik ez; Gabonen, Libreville hiri handi eta modernoa dute, baina horra ailegatzeko biderik ez. «Afrikan oraindik ikusi ahal da zer den zentzu soziala, baina, horrela jarraituz gero, denboraren poderioz, galduko da. Afrikaren arimaren bila joan nintzen, eta aurkitu nuen».
Bildutako musika eta irudiekin muntaketa bat egin nahi du Santacarak orain. «Mundu osoa beste ikuspegi batetik erakutsi nahi dut, humanoagotik. Azken finean denak gara berdinak, kultura ezberdinetakoak izan arren». Martxorako amaituta izatea espero du, baina izango denaren aurrerapena muntatamusika.com webgunean ikus daiteke.
«Afrika, humanoagoa»
Jose Eladio Santacarak amaitu du 2003an hasi zuen munduko itzulia. Afrika geratu zitzaion lehen bidaian ezagutzeko, eta orain bi aste itzuli da Zarrakaztelura (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu