Afrikako maskara txotxongilodunak Tolosan ikusgai

Antzezpenerako erabiltzen dituzten maskaren bilduma ikus daiteke Tolosako Topic zentroan

Ekainaren 10a arte ikusi ahalko dira maskarak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Europan ia ezezagunak dira Tolosako Topic zentroan ikus daitezkeen maskarak. Ezohiko ezaugarri bat dute: txotxongiloak eta panpinak dituzte gainaldean. Afrikako maskarak dira, Benin eta Nigeria herrialdeetakoak, eta gelede eta efe antzezpenerako erabili ohi dira.

Ursela Voorhuis Herbehereetako bildumagilearen 43 piezak Tolosako Nazioarteko Txotxongilo zentroan izango dira ekainaren 10a arte.

Maskarok jendaurrean ikusgai jarriko dituzten bigarren aldia da. Aurretik Herbehereetako Dordrechteko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian besterik ez dituzte erakutsi. Edonola ere, efe eta gelede maskarak batera ikusgai jarriko dituzten lehen aldia izango da.

Askotariko eszenak irudikatzen dituzte maskaretako txotxongiloek: erlijiosoak, satirikoak, garaikideak (gutxi batzuek), eguneroko bizitzakoak...

Panpinarik gabeko maskarak ere badaude erakusketan. Efe jaialdiaren gaueko partean erabili ohi dira horiek. Halaber, ospakizun horien nondik norakoen berri jakiteko aukera izango du bisitariak.

Anago Joruba herrikoak dira pieza gehienak. Beningo hego-ekialdeko eta Nigeriako hego-mendebaldeko kostaldeko zerrenda luzean bizi dira anago jorubarrak. Gelede antzerkia lantzen du herri horrek. Normalean, uztaren ondoren ospatzen dute jaialdia, baina baita garrantziko gertakariren baten ostean, hala nola izurrite, lehorte edo horrelako zerbaiten ostean. Ikuskizunean, joruberaz abesten dute, eta herriaren historia eta kontakizunak kontatzen dira maskaren bidez.

Apirilaren 15a arte, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Topic zentroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.