Ezarian. Zientzia

Afrikaren egarria asetzeko

Afrikako kontinentearen lur azpian dauden askotariko akuiferoen mapa geologiko zehatza egin dute; 5.000 urte artekoak dira akuiferoetan pilatutako urak.

Darfurreko errefuxiatuak, Sudanen, lur azpiko ura ateratzeko azpiegitura bati begira. PAUL JEFFREY.
xabier martin
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Afrika lehorrak Afrika hezea dauka azpian. Ezaguna zen kontinentearen lur azpian akuifero handiak daudela, baina berriki argitaratu duten mapa geologikoak argi erakutsi du ur erreserbak handiak direla oso, Afrikaren gainazalean dagoen ur kantitatea baino ehun aldiz handiagoa. Akuifero emankorrenak iparraldean daude, Libia, Aljeria eta Chadeko sedimentuzko sakonguneetan —Sahara basamortuaren zati baten azpian—; akuifero guztien uraren erdia dago han gutxi gorabehera. Milioi erdi kilometro kubiko ur dago akuiferotan guztira. «Pilatutako uraren geruza 75 metro luze da, kantitate izugarria», dio Helen Bonsor British Geological Surveyko ikertzaileak. University College Londoneko adituekin batera akuiferook kartografiatu dituzte BGSko geologoek, benetako ur kantitatea zehaztuz eta kontinentean zer-nolako erabilera eman ahal zaion aztertze aldera. Enviromental Research Letters aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Afrikaren lur azpiko ur erreserba oro aintzat hartzen duen lehen ikerketa da hau. Hainbat herrialdek egindako plano hidrologikoak baliatu dituzte, baita tokian tokiko uraren inguruko 283 azterketa ere. Ikerketak dioenez, ura arroka gogorren artean dago preso zenbaitetan, granitozko arroken artean, adibidez. Ezustea izan da datu hori geologoentzat. Akuifero sakonak, ehunka metrotara daudenak, ez dira berriz betetzen eurien ura lurrean iragazita. Haatik, pilatutako ur kantitate erraldoi bat aspaldikoa da, duela 5.000 urte ingurukoa, ikerlatzaileek diotenez. Ur fosilak dira, hortaz. Garai horretan Sahara hezea zen, lore baratze ederra, aintziraz eta landarez beteta. Lehortzen hasi, eta, prozesuaren amaieran, basamortu bero bihurtu zen, orain 2.700 urte. Geologoek akuifero ederrak kokatu dituzte Mauritania, Senegal, Gambia, eta Ginea Bissaun adibidez, baita Kongon, Zambian, Angolan, Namibian eta Botswanan ere.

Ustiapenaren galdera

Afrikan 300 milioi lagun inguruk ez du modurik ur edangarria bere kabuz lortzeko. Afrika egarri da. Ur eskariak gora egiten du etengabe, hazkunde demografikoak ere gora egingo duelako. Ibaiek eta lakuek eskain dezaketen ur emaria oso irregularra da lehorteak direla eta. Klima aldatzeak gero eta eragin handiagoa izango du horretan. Halako egoera izanik, nola ustiatu beharko lirateke akuiferoak? Hori da ur erreserba horiekin lotuta doan benetako galdera.

Akuiferoak kuantifikatu eta kartografiatu dituzten zientzialariak zuhurrak dira gaiari ekitean. Putzu sakonak egiteko aukera baztertzen dute; «Lehen-lehenik ur gertukoenak nola dauden jakin behar da», diote. «Oso litekeena da eskuzko ur ponpekin, putzu txikiak eginda, nahiko ur izatea oinarrizko hornitzea bermatzeko», dio Alan MacDonaldek, ikerketaren egile nagusiak. Putzu sakonak egiten badira, akuifero handietako ura ateratzen hasten bada ura ahitzeko arriskua dagoela diote. Akuiferoen ustiapena soilik azaleko putzuekin egin beharko litzatekeela uste dute. «Oso euri gutxi egiten duen lekuetako akuiferoetan ere ura 20 eta 70 urte artean egoten da gorderik, lehortu gabe».

Modu horretan eginez gero, akuiferoen ustiapenak herritarren ur beharrak aseko lituzke, baina ez luke urik bideratuko nekazaritzarako. Zenbait herrialde lehorretan, ura 25 metroko sakoneran aurki daiteke, «askorik zulatu gabe». Beste batzuetan ez; Libian adibidez, iparraldeko herrialde askotan bezala, ura 250 metro inguruko sakoneran dago. Afrikako akuiferoen mapa geologikoaren egileek gako bat ematen dute ustiapena egin ala ez erabaki aurretik: «Urtero egiten duen euriaren bidez lortutako ur kantitatea baino gehiago ez litzateke akuiferoetatik atera beharko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.