Sahara azpiko Afrikaren gaia landuko dute gaur Portugaleten (Bizkaia) Akaziaren jokoa antzezlanean. Bizkaiko Medicus Mundi taldearen Stop Malaria Now! kanpainaren barruan dago. Medicus Mundi, Abstratoesfera antzerki taldeak eta Djelia Taama Musoo Afrika eta Euskal Herriko emakumeen kultura arteko elkarteek prestatu dute obra, elkarlanean.
Gasteizen estreinatu zuten joan den apirilean aurreneko aldiz, eta, orain, toki gehiagotan emateko asmoa daukate antolatzaileek.
Bi urte dira Bizkaiko Medicus Mundi Afrika eta Europaren arteko sentsibilizazio kanpaina egiten hasi zenetik, Stop Malaria Now! leloa oinarri hartuta. Ordutik, ekimen ugari egin dituzte jendearengan kontzientziazioa pizteko, eta antzezlana da horietako bat.
Jendeak Afrikarekiko daukan ikuspuntua aldatu nahi du istorioak. Telebista, irrati eta bidaiekin ideia bat egin ohi dute europarrek, baina norbaiti Afrikako edo bertako egoerak pertsonalki eragiten dionean gertatzen dena azaldu nahi dute antzezlanean. Bizilagun bat afrikarra denean egoerak izaten duen bilakaera edo norbaiten alaba hara bizitzera joaten denean eta bere berririk izaten ez duenean burutik pasatzen zaizkionak erakusten ditu Akaziaren jokoa obrak.
AKAZIAREN JOKOA
Noiz. Gaur, 19:30ean
Non. Portugaleteko Santa Klara kulturgunean.
Afrikaz beste ikuspuntu bat
'Akaziaren jokoak' antzezlana taularatuko dute kontinentearen inguruko sentsibilizazio kanpainaren barruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu